Eskuragarri dago jada aurtengo 'Irakurlee' liburuen gomendio gida
Urtero bezala, Donostia Kulturako Udal Liburutegien Sareak 'Irakurlee' irakurketa sorta prestatu du. Aurtengo bertsiorako, iaz argitaratu ziren liburuetatik 104 aukeratu ditu, euskarazko 52 eta gaztelaniazko beste hainbeste.
Gozatzea eta irudimena aberastea. Ba al dago adimena lantzeko bide hoberik? Adimen artifiziala goraka doan honetan, Donostia Kulturako Udal Liburutegien Sareak haur, gazte zein helduek euren adimen naturala lantzeko liburu sorta bat proposatu du, urtero bezala, Irakurlee proiektuaren bidez.
Gai, tamaina eta mota anitzeko liburuak proposatzen ditu urtero sareak plataforma honen bidez. Aurtengo gidak, Irakurlee 2024 Gidak, iaz argitaratutako 104 liburu batzen ditu (52 euskaraz eta 52 gaztelaniaz) eta hiru ataletan banatuta dago: haurrentzako liburuak, helduentzako atala eta eLiburutegia. Haurrentzako (0-12 urte) 64 liburu bildu dituzte (32 euskaraz eta 32 gaztelaniaz) eta adinaren bidez sailkatuta daude. Helduentzako atalean, berriz, 40 liburu daude irakurgai (20 euskaraz eta 20 gaztelaniaz), narrazio generokoak denak. ELiburutegian, digitalki eskuragarri dauden liburu elektronikoen aukeraketa bat egin du sareak, norberak deskargatu ahal izateko.
Gida, gainera, bi euskarritan argitaratu da: paperean (10.300 ale) eta euskarri digitalean. Donostia Kulturako liburutegietan eta kultur etxetan eskuratu daiteke paperezko bertsioa; era berean, bertsio digitala pdf formatuan zabaldu dute. Donostia Kulturako bazkideek maileguak hartu eta erreserbak egiteko aukera dute.