Bueltan da Kalean Urban Festival jaialdia
Diziplina anitzeko ekitaldi bat da, eta ekainaren 28tik 30ra ospatuko da, bigarren aldiz, Tabakaleran. Kultura, kirola eta jasangarritasuna batu nahi izan dituzte.
Iaz ospatu zen lehen aldiz Kalean Urban Festival jaialdia, eta aurtengo ekainaren 28tik 30erako antolatu dute bigarren aldia. Gipuzkoa Basketek bultzatutako proiektu bat da, eta Tabakalerarekin kolaborazioan antolatzen du jaialdia, hala, azken hau jaialdiaren epizentroa bihurtuz; izan ere, bertan ospatuko da jaialdia, aurten ere. Diziplina anitzeko ekitaldi bat da Kalean Urban Festival, eta kultura urbanoaren adierazpenak daude irudikatuta bertan.
Arte urbanoa izan zen aurreko aldiaren ardatzetako bat, Amara Kantxa berritu zenean, eta aurten ere halaxe izango da. Hala, Nestor Basterretxea kaleko dantza-eskolako burdin hesian horma-irudi bat egingo du Innovartek. 3×3 saskibaloi kantxa bat ere kokatuko dute Blas de Otero plazan, eta, larunbatean, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak antolatutako 3x3ko proba puntuagarria egingo dute. Igandean, aldiz, jaialdiaren txanda izango da: torneo mixto bat egingo dute, eta izen ematea, dagoeneko, irekita dago. Skateari dagokionez, jarduerak Leku Skateren laguntzarekin egingo dituzte, eta jendeak erabili ahal izango duen Half Pipe bat jarriko dute. Bertan, Euskadiko Skate Txapelketarako puntuagarria den proba bat egingo da. Gainera, egunero egongo da dj bat festa girotzen.