Gizon bat atxilotu dute Donostian, autoarekin beste gizon bat harrapatzeagatik
Udaltzaingoak 28 urteko gizon bat atxilotu du Donostian, 35 urteko gizon bat autoarekin harrapatu eta ihes egitea leporatuta. Udal iturriek Efe albiste agentziari azaldu diotenez, larunbatean izan ziren gertakariak, 19:30ak aldera, Martuteneko biribilgunea eta Zorroagako tunela lotzen dituen errepidean.
Aurretik eztabaida bat izan ostean, bi gidariek tuneletik ehun bat metrora gelditu zituzten euren autoak, eta 28 urtekoak 35 urtekoaren ibilgailua kolpatu zuen bere ibilgailuarekin. 35 urteko gizona autotik jaitsi eta 28 urteko gidariaren autoaren aurrean jarri zen, ihes egin ez zezan. Ordea, orain atxilotuta dagoenak aurrera egin zuen, gizona harrapatu zuen eta ihes egin zuen. Handik gutxira, aldiz, Udaltzaingoak Amara Berrin atxilotu zuen erasotzailea, eta epailearen aurretik pasatu beharko da orain.