Ia 20.000 sarrera saldu ditu Fermin Muguruzak Anoetako kontzerturako
Indartsu hasi du Muguruzak datorren urtean egingo duen nazioarteko biraren sarreren salmenta: ia 20.000 saldu ditu, dagoeneko, 2025ko ekainaren 14an eskainiko duen Anoetako kontzerturako.
Hamaika urteren ostean, berriro ekingo dio Fermin Muguruzak nazioarteko oholtzak zapaltzeari. Harrera beroa izan du datorren urtean eskainiko duen nazioarteko birak, eta Anoetan jotzea “inoiz egin duen erronkarik handiena” dela adierazi du. 40 urte baino gehiagoko ibilbidea errepasatuko du, Kortatu eta Negu Gorriak taldeen kantu mitikoetatik gaur egungo kantuetara bidaia eginez; hala, Europa, Amerika eta Asiako hainbat hiritara iritsiko da.
Bilboko Miribilla estadioa bi aldiz agortu ostean, Anoetara helduko da Muguruza, datorren urteko ekainaren 14an, “euskaraz abestuz ere aritu daitekeelako estadio handietan”, bere ustetan. Ia 20.000 sarrera saldu ditu dagoeneko, baina oraindik badago sarrerarik eskuratzeko aukera: pistarako 2.500 baino gutxiago daude eskuragarri. Eskertuta agertu da irundarra, jasotako berotasunarengatik: “Oso eskertuta egoteaz gain, kontzertu hauek guztiontzat bereziak izatea espero dut, musikaren, dantzaren eta errebindikazioaren bidez, oroimen kolektiboko ariketa baten bidez, bizitzaren ospakizun baten bidez eta faxismoari uko eginez”.
Hemezortzi kontzertuk osatzen dute nazioarteko bira berri hori, eta 2025eko urtarrilaren 18an emango dio hasiera Muguruzak, Tenerifeko EC Aguere aretoan (Kanaria uharteak, Espainia). Urtarrilean bertan Bartzelona ere zapalduko du; otsailean, Madrilen, Santiago de Compostelan (Galizia), Parisen, Bordelen, Marseillan (Frantzia) eta Tolosan (Okzitania) egingo du geldialdia; martxoan, Zurichen (Suitza) eta Berlinen; maiatzean, Amerikara iritsiko da bira, eta lau kontzertu eskainiko ditu bertan: Buenos Airesen eta Bogotan izango da, beste batzuen artean. Azkeneko geldialdia Asian egingo du, uztailean, Tokion.
Kontzertu horietarako guztietarako sarrerak gaur jarri dituzte salgai, 09:00etan, www.muguruzafm.eus webgunean.