Karmelo ikastetxeko itxiera eta kaleratze prozesua abiatu dute
ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Scientia School enpresak Amara Berriko Karmelo ikastetxeko Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) abiatu du: “Gaur goizean, Scientia Karmelo ikastetxean EEEari hasiera emango zaiola jakinarazi zaie ELA sindikatuaren hiru ordezkariei. Jakinarazpen horren arabera, lehen bilera hurrengo astelehenean, uztailaren lehenean, izango dute enpresak eta langileen ordezkariek”.
Karmeloko langileek denbora asko daramate mobilizazioak egiten, enpresak hezkuntza zentroa itxi eta 42 langile kaleratuko dituela salatzeko. Hain zuzen ere, gaur (hilak 24) 32. greba eguna egin dute eta hurrengo asteei begira ere borrokan jarraitzeko asmoa berretsi dute. “Bide horretan, langileentzat konponbideak aldarrikatzen jarraituko dute Scientia School enpresari zein esku hartze zuzena duten hainbat administrazio eta instituzioei, hala nola: Hezkuntza Sailari, Kristau Eskola Patronalari edo Donostiako Udalari”, nabarmendu du sindikatuak.
“Scientia School enpresak orain dela bost urte erosi zuen Donostiako Karmelo ikastetxea. Hainbat milioitan baloratutako erosketa gauzatu eta bost urte ere pasatu ez direnean, 2024ko urtarrilean, enpresak adierazi zuen ikasturtea amaitu eta ikastetxea ixteko asmoa, bertan lan egin duten 42 langileei inolako irtenbiderik planteatu gabe. Gardentasun falta salatu dute langileen ordezkariek, enpresak ez baitu eskatutako informazio asko igorri eta hori dela eta auzitegietara jo dute”, azaldu du ELAk.