Sarek bere hamargarren urteurrena ospatu du
Ekainaren 28an egingo dute hilabete honetako Donostiako kartelada, eta LGTBI+ kolektiboko presoen eskubideen alde mobilizatuko dira.
Euskal presoen eskubideen aldeko Sare Herritarra plataformak hamar urte bete ditu, eta Donostian ospatu zuten urteurrena, igandean. Berria-k jaso duenez, Joseba Azkarraga eta Bego Atxa plataformako eledunek nabarmendu zuten oraindik ez dela konpondu euskal presoen auzia, eta, hain zuzen ere, euskal gizarteari dei egin zioten, “erakunde politiko eta judizialen bitartez” lanean jarraitzeko.
2014tik hona lortutako mugarrien artean, urruntze eta sakabanatze politikarekin amaitu izana nabarmendu zuten: “Bukaerako puntua jarri diegu 34 urte luze iraun duten urruntze politikek eragindako eskubide urraketei”. Horrela, beste etapa bat martxan dela adierazi zuten: “Motzagoa izango da, ziur, eta oztopoak izango ditu, baina prest gaude haiei aurre egiteko”.
Bestalde, Sareren ustez, egun abian den euskal presoen etxeratze prozesuak “Euskal Herriko gizartearen gehiengoaren” babesa du, “baita biktima asko eta askoren onarpena ere”. Hala ere, aitortu zuten badela oraindik prozesu horri oztopoak jartzen dizkionik: “Ez dugu geure burua engainatzen. Badakigu zenbait sektore aurrerapauso horien kontra daudela epaileen artean, politikan eta hedabide batzuetan”, esan zuten Azkarragak eta Atxak. “Haiek togak ematen dien boterea izango dute, baina gure helburuek euskal gizartearen parte handi baten babesa dute”, gehitu zuten.
Horrela, “presoen etxeratzea” aurrera eramatearen, eta “indarkeria guztien biktimei” babesa eta erreparazioa ematearen garrantzia nabarmendu zuten, “dinamikak sustatuz, baita iheslari eta deportatuen egoera bideratzeko urratsak eginez ere. Modu bakarra da denok irabazle izateko. Elkarbizitza irabazteko. Eta gizarte osoak irabazteko”. “Etorkizuneko belaunaldiei utziko diegun gizartea guk gure aurrekoengandik jaso genuena baino hobea izatea” da, adierazi zutenez, euren helburua.
Kartelada berezia
Hilabetero, presoen aldeko kartelada egiten dute Donostian, eta, hain zuzen ere, ostiral honetakoa berezia izango dela iragarri du Sarek. Izan ere, ekainaren 28an egingo dute, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean, eta, bereziki, kolektibo horretako presoen eskubideengan jarriko dute fokua. 19:00etan abiatuko dira, Alderdi Ederretik.
Aldaketaaaaaa 19:00 ❗️❗️❗️❗️ pic.twitter.com/BFVmvlPAvU
— Sare Donostia (@SareDonostia) June 22, 2024