'Such a Bigote Fest' jaialdia antolatzailearen 40. urtebetetze festa izango da

Jon Agirre Such donostiarrak jaialdi berezi bat antolatu du haren 40. urtebetetzea ospatzeko. Such a Bigote Fest izena jarri dio, eta hilaren 29an izango da, Egiako Anden aretoan. Hiru talde ariko dira zuzenean: La Vieja Escuela eta Maitasunarekin Bat donostiarrak, eta Naica hondarribiarrak.
Gipuzkoako “hiru harribitxi” ezagutzeko jaialdi “bakarra eta errepikaezina” izango dela nabarmendu du Agirrek. La Vieja Escuela postpunk talde donostiarra taula gainera itzuliko da, 2021eko La Cristalera diskoa berreskuratzeko. Maitasunarekin Bat bikoteak, berriz, pop kutsuko emanaldia eskainiko du. IRUTXULOKO HITZAk duela gutxi elkarrizketatu zuen banda. Bestalde, Hondarribiko Naica pop taldeak maiatzean argitaraturiko Nemo Propheta in Patria laugarren diskoa aurkeztuko du.
Jaialdiarekin “zuzeneko musikaren benetako esentzia” aldarrikatu nahi du Agirrek, eta herritarrei Anden aretora gerturatzeko gonbidapena luzatu die. Sarrerak 10 euroan jarri ditu salgai, eta Alboka tabernan eta Donosti Rock dendan eskuratu daitezke.
Iaz, Agirrek hedabide honek argitaratu zuen HAPO berriak hiri bizigarriago bat eraiki dezake? erreportajean parte hartu zuen.