67 zaldi lasterketa ikusi ahal izango dira udan Donostiako hipodromoan

Donostiako hipodromoko udako denboraldia ekainaren 6an hasi zen eta irailaren 12an amaituko da, martxoa eta apirila bitartean jokatutako lau jardunaldiko denboraldi txiki bati jarraipena emanez.
67 lasterketa jokatuko dira guztira, honako egunetan banatuta: ekainak 6, uztailak 7, 14, 21, 28, abuztuak 4, 11, 15, 18 eta 23 eta irailak 1, 8 eta 12.
Udako denboraldiko berritasun gisa, antolatzaileek profesionalak eta zaleak “ahalik eta erosoen egotea” bilatzen dute instalazio batzuetan. Hori dela eta, seinaleak berrituko dituzte palmares berriekin eta informazio panel berriekin (euskaraz eta gaztelaniaz), jendeak zaldi lasterketen nondik norakoak hobeto ezagutu ditzan.
Era berean, Jabeen Tribunan jabeentzat erreserbatutako espazio berri bat sortu dute, lehiaketa gune pribilegiatu batetik gozatu ahal izateko.
Eta udako denboraldiko profesional onenak aintzatesteko asmoz, lau ranking sortuko dira lau kategoriatan, estatistiken jarraipena egiteko, uztailaren 7tik irailaren 8ra bitartean jokatu beharreko jardunaldiak barne (hamaika jardunaldi). Rankingak amaitzean, profesional onenei saria emango zaie (jockey onena, prestatzaile onena, jabe onena eta emakume jockey amazona onena).
Ranking honen sailkapena hipodromoko sare sozialetan jasoko da astez aste, eta megafoniaz hipodromoan bertan lasterketen egunean.