Artikutzako ingurumen hezkuntza eta dibulgazio zerbitzua eskaintzen jarraituko dute
Donostiako Udalak Artikutzan ingurumen hezkuntza eta dibulgazio zerbitzuak kontratatzeko espedientea onartu du, urteko 63.705 euroko gehienezko aurrekontu estimatuarekin, eta bi urteko egikaritze epearekin, gehienez beste urte batez luza daitekeena.
Artikutza Natura Programaren helburua da eremu horrek duen ondare natural eta historiko garrantzitsua ezagutzera ematea. Era berean, udalak fauna eta flora espezieak kontserbatzeko eta hobetzeko egiten duen kudeaketa eta natura ondare hori osatzen duten intereseko habitatak erakustea.
Programa horren baitakoa da Artikutzako Natur Eskola ere. Udalak sustaturiko ingurumen hezkuntzako programa da. Natura balioen eta ondare historikoaren bidez, Artikutza ezagutzeko aukera eskaintzen die Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilerreko ikastetxeei. Ingurumen hezitzaileek aire librean eta naturarekin kontaktuan gidatutako jardueren bidez, egun bateko edo biko programak eskaintzen dituzte.