Casey Laraeren 'Sirenak' erakusketa inauguratuko dute ostegunean
Ostegunean (hilak 27), 19:30ean, Casey Larae argazkilariaren Sirenak erakusketaren irekiera egingo dute Okendo Kultur Etxeko areto zaharrean, Helena Sanchez biolontxelo jotzailearen zuzeneko emanaldiarekin. Erakusketa abuztuaren 23ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 10:00-14:00 eta 16:00-20:30 ordutegian eta larunbatetan eta zubietan 10:00-14:00 eta 16:30-20:00.
Larae San Klementeko kostaldean jaio zen, Kalifornian, baina Donostian bizi da 2014tik. Sirenak erakusketan, emakumeen argazkiak bildu ditu, Zurriola hondartzako flotazio lerroan edo horren azpitik. “Serie horrek aurkezten ditu mugimendua, indarra, baretasuna eta etengabe aldatzen diren kondizioak”, azaldu du Donostia Kulturak.
Argazkietako emakumeek urte osoan itsasoko ur hotzetan elkarrekin bainatzeko konpromisoa hartu zuten, eta oharrean azaldu dutenez, “sirena talde horren ahizpatasunak itsasoan kondizio txarretan barneratzeko behar den segurtasuna ematen die eta gozamena handitzen du, taldean egote hutsagatik”. Gaineratu dutenez, “sirenak serieak itsaspeko munduaren kontrastea aztertzen du, eta baretasun une isolatuak itsasoaren etengabeko mugimenduarekin eta emakumeen figuren zatiekin aurkezten ditu. Itsaspeko irudien lasaitasunak azaleko kondizio aldakorren konplexutasunarekin kontrastatzen du. Egun batetik bestera kondizioak aldatzen direnez, bizitzan bezala, guri poztasun une txikiez gozatzea dagokigu”.
Horrela, Laraek transmititu nahi izan du Wallace Nichols doktoreak Blue Mind lanean idatzita utzitako sentipena, ” aldi berean lasaigarria eta zirraragarria” dena: “Ur masak aldi berean etengabe aldatzen direnean eta berdin jarraitzen dutenean, lasaitasuna sentitzen dugu ezagutzen dugun horrengatik eta zirrara, berria denagatik”.