'Eskolako oroimenak' liburua aurkeztuko du Xabier Ricok
Xabier Rico irakasle ohiak bere azken liburua aurkeztuko du datorren astean, uztailaren 3an, Okendoko Kultur Etxean. Testuan zehar, tartekaturik daude egilearekin lotura estua duten hainbat ipuin, anekdota, bertso eta artikulu.
Kontakizuna kronologikoki antolatua dagoenez, hasierako gertaerak ikasle baten ikuspuntutik kontatzen dira, eta gerokoak irakasle baten ikusmiratik: “eskola izeneko erakunde hari bizitza osoa eman dion edozein irakasle jubilaturen ahotsetik, hain zuzen”.
Ricok iaz argitaratu zuen Ategorrietaren historia biltzen zuen liburua, eta, hura bezala, honakoa ere autoedizioaren bidetik argitaratu du.
Liburu aurkezpena 18:30ean izango da, eta bertan izango da aukera liburua eskuratzeko.