Manuel Orcera de la Cruz omentzeko plaka jarriko du udalak
Donostiako Udalak plaka bat jarriko du larunbatean, hilaren 29an, Manuel Orcera de la Cruz zenaren omenez. ETAk hil zuen 1977an. Hirian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko egitasmoaren 27. plaka izango da. Duela bi legegintzaldi jarri zuten abian egitasmoa.
Ekitaldia 12:00etan izango da, Easo plazako geltokian. Plakak jartzeko beste ekitaldiekin egin moduan, omenaldi xumea izango da. Eneko Goia alkateak, udal taldeetako ordezkariek eta biktimaren senideek parte hartuko dute.
Manuel Orcera de la Cruz Ubedakoa (Jaen, Espainia) zen eta 24 urte zituen erail zutenean. Polizia Armatuko kidea zen, eta geltokiaren barruan lanean ari zela, bi pertsona ibilgailu batetik jaitsi, geltokian sartu eta tirokatu zuten.