Udan, kaleko zinemari atximur
Udako aire zabaleko zinema zikloa aurkeztu du Cristina Enea fundazioak
Donostiako Zinemaldiaren indarra ukaezina den honetan, ez da hori hirian zinemaren harira ospatzen den ekitaldi bakarra, eta Cristina Enea fundazioko zuzendaria den Txema Hernandezek argi utzi du aurkeztu berri duten udako zinema zikloaren aurkezpenean: “Donostiak lotura handia du zinemarekin”. Bere hamaikagarren aldia du zikloak aurten, eta hiriko hainbat txokotan film “klasiko” zein berriagoak eskainiko dituzte, lau ostiralez jarraian. Proiekzio guztiak 22:30ean izango dira.
Gladys Enea parkea (Egia), Araba parkea (Amara), Arriaga parkea (Altza) eta Salvador Allende parkea (Bidebideta) izango dira aurtengo aldiko anfitrioiak, eta film hauek eskainiko dituzte, hurrenez hurren: Federico Felliniren La Strada (gaztelaniaz), Hayao Miyazakiren Chihiroren bidaia (euskaraz), Ken Kwapisen Un paseo por el bosque (gaztelaniaz) eta Fermin Muguruzaren Bidasoa (euskaraz).
Zikloaren lehen aldiak Gladys Enean egin ziren arren, 2022az geroztik hiriko beste txoko batzuetara ere lekualdatu dituzte proiekzioak, bertako bizilagunek aire zabaleko zinemaz goza dezaten, eta hiriko beste auzoetako bizilagunak ere gertura daitezen. Juantxo Marrero Ekologia zinegotziak adierazi duenez, “zirkuitu nagusietatik kanpo geratzen diren kokapenetan” kultur jarduerak eskaini nahi izan dituzte, eta pubikoaren erantzun positiboari esker errepikatu dituzte aurten kokapenak.
“Ibilian” izenburua jarri diote aurtengo zikloari, Marreroren hitzetan, jendearentzat aire zabalean zinemaz gozatzea “erakargarria eta iradokitzailea” izan dadin. Hernandezek, ordea, filmek izenburuarekin duten lotura azaldu du: “Bidaiek eta bideek gizakiengan eragiten dituzten askotariko aldaketak, gogoetak eta bizipenak jasotzen dira”. Bizitza bera bidai bat dela gehitu du.
Ekainaren 28an hasi eta uztailaren 19an amaituko da aurtengo aldia, eta Gladys Enean hasiko du zikloak bere bidaia, Felliniren La Strada-rekin. Zampano artista ibiltariak, alargun geratu bezain pronto, bere emaztearen ahizpa Gelsolmina erosiko du, azken honen amak inongo erresistentziarik jarri gabe. Bizimodu nomada batean egingo dute aurrera biek, batak besteari leial jarraituz.
Uztailaren 5ean, Araba barkean egingo du zikloak bere lehen geldialdia, eta Chihiroren bidaia-ren txanda izango da. Chihiro neska gaztea bidaian doa gurasoekin, eta errepideko tunel bat zeharkatzen duenean mundu fantastiko batera iritsiko da, soilik jainkoentzako lekua dagoen mundu batera.
Uztailaren 12an Altzara egingo du salto, eta Arriaga parkean hartuko du atseden. Un paseo por el bosque proiektatuko dute bertan; Bill Bryson Amerikako Estatu Batuetara itzuliko da, bi hamarkadaz kanpoan egon ondoren, bere bizitzako abenturarik handienari ekiteko: Appalacheak zeharkatzea. Horretarako, bidelagun bereziak izango ditu. Abentura hitzari buruzko ikuspegi desberdinek baldintzatuko dute, ordea, Brysonen bidaia.
Zikloak uztailaren 19an bukatuko du bere bidea, Salvador Allende parkean, Bidasoa-rekin. Frantziak etorkinen sarrera eragozteko muga bat ezarri zuen 2018an, Pirinio Atlantikoaren eta Bidasoa ibaiaren artean; ibaiaren bi aldeetako ekintzaileei ahotsa ematen die Muguruzaren dokumentalak.
Proiekzioetara gerturatzeko ez da sarrerarik behar, eta norberak bere erosotasunerako baliabideak eramateko gonbitea egin du Hernandezek: “Guk aulkiak jartzen ditugu, baina badago mantarik, kuxinik eta toallarik ekartzen duenik”. Adin guztietarako pentsatutako eremuetan egingo dira proiekzioak, beti ere, udako gau giro gozo batez disfrutatzeko aukerarekin.