Doinu berriak, Jazzaldiaren 59. edizioan
William Parker kontrabaxu jotzaile newyorktarrari emango diote aurtengo Jazzaldia Saria.
Jazz doinu berriak zein dagoeneko entzunak daudenak dakartza Jazzaldiak aurten, eta bere zuzendari Miguel Martinen ustetan, “hiria harro sentituko da” taularatuko diren proposamenekin. Uztailaren 23tik 28ra egingo da aurten eta, urtero bezala, goi mailako artista ugari bilduko ditu jaialdiak: guztira, 76 kontzertu eskainiko dituzte, hamabi agertokitan.
Trinitate plazan, Viktoria Eugenia antzokian, San Telmo museoan, Txillida Lekun, Kutxa Fundazioa Plazan (Tabakalera), Maria Cristina hotelean, Nauticoolen, Irungo Junkal plazatxoan, Keler Gunean (Zurriola hondartza) eta Kursaalen izango dira kontzertuak, baita azken honen terrazetan ere (Frigo Gunean eta Fnac Gunean). Diana Krall, Jhon Zorn, Gregory Porter edo Iñaki Salvador izango dira oholtzak beren musikarekin beteko dituztenetako batzuk. Martinek adierazi duenez, gainera, oso pozik daude emakumeen talentuaren presentziarekin.
76 kontzertu horietatik bost Txikijazzaren parte izango dira (hamabigarrenez egingo dute aurten) eta zortzi JazzEñeren parte (hau, berriz, hamargarrenez egingo dute aurten). JazzEñeko kontzertuak streaming bidez jarraitu ahal izango dira, Viktoria Eugenia antzokiko web orrian eta Youtubeko kanalean. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.
Euskal taldeei leku
Urte luzez, Jazzaldiaren helburuetako bat tokiko talentua ezagutzera ematea izan da. Hala, bere programazioaren zati handi bat euskal artistei eskaintzen die, bai musikari emergente, baita ezagunagoak direnei ere. Jazz kontzertuak zein beste genero batzuetako 24 proposamen taularatuko dituzte aurten euskal artistek; besteak beste, Izaro, Merina Gris eta Chill Mafia arituko dira Keler Gunean, eta Iñaki Salvador, Iñar Sastre edo Oscar Garridoren hirukotea arituko da, baita ere, jaialdiko beste agertoki batzuetan.
Iñaki Salvadorrek, gainera, aurre-jaialdi gisa aurkeztu duen kontzertu bat eskainiko du uztailaren 21ean, Txillida Lekun. Bertan, Mikel Laboaren doinuak eskainiko ditu: “Plazer bat da, luxu bat”.
William Parkerri aitortza
William Parker newyorktarrari emango diote aurtengo Jazzaldia Saria, “eskainitako ibilbidearengatik eta artisten belaunaldi baten baino gehiagoren erreferentea izateagatik”. Azken hamarkadetako abangoardia jazzeko kontrabaxurik “onena” dela adierazi du jaialdiak, eta jazz garaikideko funtsezko figuren artean kokatzen dute: “Musika interes handiko espektro handi bat du”, adierazi du Martinek.
Parkerren lehen aldia da jaialdian, eta hiru kontzertu eskainiko ditu, hiru agertokitan eta talde desberdinekin, duoan, hirukotean eta laukotean. Uztailaren 28an jasoko du saria, 12:30ean, Viktoria Eugenia antzokian.
Sarrerak hegan
Martxa onean doa sarreren salmenta; izan ere, inoiz baino internazionalagoa izaten ari da: 30 herrialdetatik eta bost kontinenteetatik erosi dira sarrerak. Kursaaleko sarrera guztiak agortuta daude, eta gainontzeko kontzertuetarako, oraindik ere, badago eskuratzeko aukera.
Eneko Goia alkateak adierazi duenez, “oso edizio aberatsa” izango da aurtengoa, eta kulturaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Beste jaialdi batzuetan bezala, kulturak gure udalerria zabaltzeko aukera ematen du, jaialdiak izango dituen hamabi agertokietatik hamar Donostian baitaude”.