Donostia Kirolak tai txi eta parkour egiteko aukera eskainiko du udan
Kalistenia, Nordic Walking-a eta aire zabaleko gimnasioetan egiteko jarduerak ere eskainiko ditu, udako kirol programaren barruan.
Donostia Kirolak kirol ohiturei buruz egindako azterketen arabera, Donostia Europako Batasuneko kirol praktikaren indize altuenetariko bat duen hirietako bat da. Eskaintzen duen kirol ekipamendu publikoari eta hiriguneetan (aire zabaleko gimnasioak eta bidegorriak, kasu) zein naturaguneetan (hondartzan eta mendian) kirola egiteko emandako aukerei esker, hiritarrek kirol jarduera maila altuak lortu dituztela adierazi dute. Iñaki Gabarain Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziak azaldu duenez, “oso harro” daude emaitzek adierazitakoarekin.
Uda ate joka dagoen honetan, Donostia Kirolak aire zabaleko espaziotan kirola sustatzeko programa bat jarriko du martxan, uztailetik aurrera: 33 kirol jarduera izango dira guztira, eta begirale espezializatuek dinamizatuko dituzte. Besteak beste, tai txi, Nordic Walking, kalistenia edo parkourra eskainiko dira programan, Kontxan, Saguesen, Haizearen Orrazian, Bentaberrin, Intxaurrondon eta Aieten, beste batzuen artean.
Proposamen horrekin, Donostia Kirolak argi utzi nahi izan du osasunarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa: “Irmo sinesten dugu bizitza aktibo eta osasuntsu bat mantentzearen garrantzian, eta gure hiritarrei hori lortzeko beharrezkoak diren tresnak eta aukerak emateko konpromisoa hartzen dugu”, adierazi du Gabarainek.
Hiritar guztiei zabaldutako gonbidapena da, baina udal kiroldegietan edo Donostia Kirolaren webgunean izena ematea gomendatu dute, aldez aurretik. Hala, jarduerak burutzeko baliabideak hobeto kudeatu ahal izango dituzte profesionalek.
Jardueren programa osoa Donostia Kirolaren webgunean dago eskuragarri.