Uztailean iritsiko dira Donostiara Jardun Artistikoentzako Institutuaren JAI programako saioak
Tabakalerak eta Artium Museoak elkarlanean antolatutako Jardun Artistikoentzako Institutua izeneko ikasketa programa (JAI), gaur hasi da Gasteizko museoko lantegi eta espazioetan. Datozen bi hilabete eta erdian eskolaren bosgarren deialdian hautatutako hamasei lagunek parte hartuko dute ikasketa programan. Uztailaren 8tik aurrera, eskola Tabakaleran garatuko da, eta abuztuko azken astean itzuliko da Artium Museora, tartean Oteiza Museoan egonaldi labur bat egin ondoren. JAI udako eskolaren muina jardun artistikoa da, eta ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea ditu helburu.
Ekoizpenarekin lotutako ezagutzaren transmisioa indartzeko, JAIko irakasleak bosgarren edizio honetako deialdia sustatzen duten erakundeen erakusketa programen eta programa publikoen parte dira. 2024an honako hauek izango dira irakasleak: Patricia Dauder (Bartzelona, 1973), Jeremiah Day (Plymouth, Estatu Batuak, 1974), Iman Issa (Kairo, 1979), Hilary Lloyd (Halifax, Ingalaterra, 1964) eta Iñaki Garmendia (Ordizia, 1972). Tutoreak, berriz: Olatz Otalora (Algorta, 1990), Alejandro Cesarco (Montevideo, Uruguai, 1975), Itziar Okariz (Donostia, 1965) eta Ibon Aranberri (Itziar-Deba, 1969) artistak.
Prestakuntza saioak ekainaren 26tik abuztuaren 30era bitartean egingo dira. Ikastaroa Artium Museoan hasiko da, eta uztailaren 5era arte egongo dira bertan ikasleak. Uztailaren 8tik abuztuaren 23ra arte, Tabakaleran jarraituko dute, eta hil horren 26an Gasteizera itzuli eta 2024ko JAI udako eskola amaituko dute. Abuztuan, parte hartzaileek egonaldi bat egingo dute Altzuzan, Oteiza Museoa Fundazioa dagoen herrian.