Gehiengo sindikala kalera atera da salbuespen neurrien aurka
Sindikatuek 'Stop salbuespen neurriak- Etxera' leloa zeraman kartel handi bat zabaldu dute Zuloaga plazan.
Sare eta sindikatuetako ordezkariak Zuloaga plazan bildu dira eguerdian euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze bidean lanean jarraitzen dutela adierazteko. Hego Euskal Herriko beste hiriburuetan bezala, ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzea egin dute Donostian ere. Sare Herritarraren hamargarren urteurrenaren data borobila baliatuta, argi utzi nahi izan dute, bere jarduna babesten jarraituko dutela etorkizunean ere: “Urteotan egin duen ibilbidea zoriontzeaz gain, argi utzi nahi dugu bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean Sare Herritarraren ondoan jarraituko dugula”.
Sindikatuek diotenez, hamar urteetako ibilbidean lorpen “handiak” eskuratu arren, oraindik langileek “zeregina” dute euskal gizarteak jomuga duen elkarbizitzaren bidean: “Lantokietan hasi eta euskal herrian barna konponbideari ekarpenak egiteko gizarteak duen nahia zabaldu eta etxeratze prozesuari ekarpenak egiteko konpromisoa adierazi nahi dugu”.
Era berean, udan zehar eta datozen hilabeteetan Sare Herritarrak deituko dituen mobilizazio eta ekimenetan parte hartzeko deia luzatu diote Euskal herriko langileriari, “konponbide prozesua itxi” eta ateak irekitzeko.