Maite Rosendek eta Nerea Ariznabarretak Etxepare saria irabazi dute
Maite Rosende ilustratzaile donostiarrak eta Nerea Ariznabarreta idazle eibartarrak egindako 'Mamuki' lanak irabazi du saria.
Gau Beltzean girotuta, beldurrari buruzko Mamuki album umoretsua ondu dute Maite Rosende ilustratzaile donostiarrak eta Nerea Ariznabarreta idazle eibartarrak, eta Etxepare saria eskuratu dute horregatik. Egileek 5.000 euro jasoko dituzte, eta Pamiela argitaletxeak udazkenean argitaratuko du lana.
31 lan aurkeztu dira aurten Etxepare sarietara, eta Miren Asiain ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osaturiko epaimahaiak ebatzi du Rosenderena eta Ariznabarretarena dela onena. Hain zuzen ere, nabarmendu dute lan “bikaina” dela, testuaren eta ilustrazioaren arteko uztarketa “aparta” dela eta testuaren zein irudien arteko paralelismo jolasak eta soiltasuna.