Maria Cueto artistaren 'Hazi hegalariak' erakusketa ikusgai, Ingurumen Baliabideen Etxean
Maria Cueto artistak (Aviles, Espainia, 1960), Hazi hegalariak erakusketa inauguratuko du gaur, 17:00etan, Gladys Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean. “Hiru lan sortaz osaturiko erakusketa da honakoa, eta bakoitzak Cristina Eneako jauregiko areto bat hartuko du”, azaldu du artista asturiarrak. Beheko solairuan, Basoaren bihotza izenarekin, piñerina landareakin eginiko pieza fin eta delikatuak bildu ditu. “Zuhaitz ñimiñoak irudikatzen ditut, forma geometrikodun basoak sortuz, geometria oso garrantzitsua baita nire lanean, organikoa den edozerk duen kaosari harmonia ematen diola iruditzen baitzait”, azaldu du Cuetok. Horrela, espiral, esfera eta kono formako unibertso txikiak eraiki ditu artistak, bisualki eta estetikoki pieza dotore bezain delikatuak sortuz.
Haziek leku nagusia dute Cuetoren obran. Hazi txikietatik hasi eta forma landuagoetaraino, artelan bakoitzak erakusten du artistak naturaren esentzia bera atzemateko eta bere artearen bidez transmititzeko duen trebetasuna.
Erakusketan dauden sailek askotariko gaiak aztertzen dituzte: basoen ugaritasuna, mugitzen ari den uraren bibrazioa, konstelazioen baretasuna gaueko zeruan. Teknika eta materialen konbinazio bakar baten bidez, Cuetok hausnarketara gonbidatzen duten eta inguratzen gaituen mundu naturalarekin lotura sakona pizten duten lanak sortzea lortzen du. Konstelazioak izeneko sortan bildutako lanak ere, esaterako, forma geometriko puruekin sortuta daude, baina erabilitako materialak ezberdinak izanik, eta interakzioak sortzen diren arren, azkenean piezak berriz ere forma geometriko puruetara itzultzen dira, harmonia berreskuratuz.
Azken sorta, aldiz, Urarena izenarekin, ilusio berezia egiten dion proiektua dela onartu du Cuetok. “Urarekin eta itsasoek bizi duten egoerarekin lotuta daude hirugarren sortako piezak, eta oraindik inork, ezta nik neuk ere, ikusi ez duen pieza bat izango du protagonista nagusi”. Artistak bere Berastegiko estudioan azken hiletan zatika egin duen pieza erraldoi bat izango da hori, erakusketan pieza guztiak lotu arte inork ikusi gabea. “Olatu erraldoi bat izango da, haziz egina, eta bisitariek alde batetik bestera pasatzeko aukera izango dute”. Horrez gain, hirugarren sala horretan, iturriak, ur tanta bat edota itsasoetako zenbait biztanle irudikatzen dituzten piezak egongo dira ikusgai.
Jarduera paraleloak
Erakusketak ondorengo jarduera bereziak izango ditu: hitzaldia (Arte y naturaleza: diálogo entre creación y medio ambiente. Uztailak 20, 18:30, erakusketan), bisita gidatuak (uztailak 19 gaztelaniaz eta irailak 12 euskaraz, 11:45ean) eta musika emanaldiak (uztailak 13, abuztuak 10 eta irailak 7, 18:30ean).