Alemaniako, Frantziako eta Italiako suek piztuko dituzte Aste Nagusiko gauak, besteak beste
Abuztuaren 10etik 17ra ospatuko da aurtengo Aste Nagusia, eta urtero bezala, su artifizialak izango dira protagonista nagusiak. Espainia, Alemania, Frantzia eta Italiako su etxeak lehiatuko dira Urrezko Maskorra lortzeko. Gainera, Portugalgo zinemarekin lotura zuzena duen ikuskizun piromusikalak itxiko du astea. Gaur aurkeztu dute egitaraua eta kartela.
Ikuskizun guztiak 22:45ean hasiko dira, eta Pyogenie Feuerwerk alemaniarrek eskainiko dute lehiaketako lehen proposamena, abuztuaren 10ean. 2016an sortu zen enpresa Berlinen, eta lanbide anitzeko talde bat du, pirotekniaren, ekitaldien teknologiaren eta logistikaren arloetako langileak biltzen dituena, nazioartean eskarmentu handikoak. “Kalitate gorenaren sinonimo” direla aipatu du Donostia Festakek, enpresaren urtetako esperientziarengatik. Valentziako Pirotecnia del Mediterraneoren txanda izango da abuztuaren 11n; enpresako gerenteak, Antonio Garcia Juanek, 15 urte baino gehiagoko esperientzia dauka piroteknia arloan, eta profesionalez inguratuta egiten du lan. 2017an hartu zuten parte lehiaketan.
Abuztuaren 12a frantziarrena izango da; Unic Feux D’Artifice enpresarena, hain zuzen. Antzinatasuna eta esperientzia bat datoz oraingoan, 1873tik jaurtitzen baitituzte su artifizialak. A Coruñako (Galizia) Pirotencia Lopezek jaurtiko ditu suak abuztuaren 13an; enpresa familiar bat da, eta 1870an sortu zen. Festakek adierazi duenez, azken aurrerapen teknologikoekin eta piroteknia lanak egiteko modu modernoenekin lan eginez, “tradizioaren eta modernitatearen arteko nahasketa ezin hobea” egiten dute galiziarrek. 2016an Urrezko Maskorra irabazi zuten.
Di Matteo Fireworks enpresak jarraituko du jaia, abuztuaren 14an. 1853an sortua, enpresa tradizional eta familiar bat da. Arte piroteknikoan hobekuntzak bilatzeko konpromisoa hartu izan du betidanik, eta enpresa sendotu egin da teknifikazio eta ikusgarritasun handiko ikuskizunetan. Abuztuaren 15ean, Valentziaren txanda izango da, berriz ere, Pirotecnia Valencianaren eskutik. 2009an eta 2023an hartu zuen parte lehiaketan, eta Brontzezko Maskorra eta Urrezko Maskorra irabazi zituen, hurrenez hurren.
Madrilgo Pirotecnia Vulcano bueltan da, baita ere, 2014an eta 2019an Brontzezko eta Zilarrezko Maskorrak eskuratu ostean. Piroteknia ikuskizun tradizionaletan, piromusikaletan eta sekuentzialetan, musika duten multimedia ikuskizunetan eta monumentu, fatxada eta uretako pantailen gaineko ikusizko proiekzioetan espezializatuta dago, eta eskarmentuzkoa da, enpresak ibilbide eta sari zerrenda luzea baitu.
Portugalgo Pirotecnia Oleirensek itxiko du lehiaketa, abuztuaren 17an, eta ikuskizun piromusikala eskainiko du; gaur egun ospe handia duen enpresa da, ia zazpi hamarkadatan Portugalgo sektorean edukitako arrakastak babestua. Lehen aldia du lehiaketan.
Suen ‘erreflexuak’
Kyiv-en (Ukraina) jaiotako Svitlana Omelyanenko irundarra izan zen 2023ko Aste Nagusiko VII. Su Artifizialen Argazki Lehiaketaren irabazlea, eta berak egindako Erreflexuak argazkia izango da aurtengo kartelaren protagonista. Adierazi duenez, marea behera egotearen ondorioz sortutako erreflexuek ematen diote izena argazkiari.