Donostian ileordeen esklusiba izan zuen ile apaindegia
Egiako Rafa ile apaindegian hasi ziren Donostiako lehen ileordeak saltzen. Ile naturalekoak ziren, eta Bartzelonatik ekartzen zituzten, Rafael Canoren negoziora. Txikitatik, ofizioari lotuta egon zen Cano, erretiroa hartu arte.

Rafael Cano Serrano (Priego de Cordoba, Andaluzia, 1932 – Donostia, 2020) ile apaintzaile entzutetsua izan zen Donostian eta hemendik kanpo. Egiako Karmengo Ama kaleko 15. zenbakian bere izena zeraman ile apaindegi bat zabaldu zuen 1963an, baina horra iritsi arte ere ibilbide oparoa egin zuen bere ofizioan.
Haren ama alarguna zenez, —«Bueno, Franco hil arte ez genekien alarguna zen ala ez, baina suposatzen da alarguna zela», azaldu du Elena Canok, Rafael Canoren alabak— 10 urterekin hasi zen, bere jaioterrian. «Hango ile apaindegi batean hasi zen lanean, oso gaztea zela. Garai hartan, bizargin esaten zitzaien ile apaintzaileei. Berak kontatzen zuen bankutxo batera igo behar izaten zuela lan egiteko, bestela ez zelako iristen», adierazi du.
Handik sei urtera etorri zen Donostiara bizitzera, Egiara, eta beti bizi izan zen auzo berean. «Egiako 12. zenbakiko atarian bizi zen hasieran. Donostiara etorri zenean, Artikutzako urtegia eraikitzen egiten zuen lan, baina lehen enplegu aniztasun asko zegoen, eta fabrikatik ateratakoan, ile apaintzaile gisa aritzen zen, bere lankideei ilea mozten», adierazi du Canok. Jarraian, soldaduska egin zuen Loiolan, eta han ere ile apaintzailea zela azaldu du alabak: «Nire aita, zegoen lekuan zegoela, beti aritzen zen jendeari ilea mozten».
Ile apaintzaile izateaz gain, beste hainbat ofiziotan ere aritu zen Rafael Cano, baina beti izan zituen guraizeak esku artean
Soldaduska amaitu ostean, Altzako beira fabrika batean egiten zuen lan, eta jarraian, Herrerako ile apaindegi batean hasi zen lanean. «Ordea, ezagun batek esan zion Egiara etortzeko lanera, etxetik gertuago zuelako. Horrela, estankoaren ondoan zegoen ile apaindegi batean hasi zen», adierazi du Canok.
Beti Egian bizi izan bazen ere, denboraldi batez, Alemanian egon zen Rafael Cano: «Bi urte eman zituen bertan, eta Correosen egiten zuen lan. Hala ere, garai hartan ez zion ile apaintzaile izateari utzi, eta Alemanian ere aritzen zen jendeari ilea mozten».
Negozio propioa
1960an, Elena alaba jaio zenean, Donostiara itzuli zen Cano. Ordurako, Alemanian irabazitako diruarekin, lokal bat erosia zion emazteak, Karmengo Ama kaleko 15. zenbakian. «Bertan zabaldu zuen bere lehen negozio propioa, 1963 inguruan», zehaztu du alabak.
Hasiera batean, ile apaindegia gizonezkoentzat zen soilik, eta alabak gogoan du zeintzuk ziren aitaren hasierako lankideak: «Aitarekin batera, izatez kanariarra zen, baina Mandasko Dukea kalean bizi zen, gizon batek egiten zuen lan; Salvador izena zuen. Gizon hori erretiroa hartu arte aritu zen aitarekin lanean, bizi osoan. Beste mutil batek ere egiten zuen lan beraiekin. Paco izena zuen, baina ondoren, Grosera joan zen lanera. Horrez gain, beste Salvador bat ere bazegoen, eta lau horiek osatzen zuten hasierako lantaldea». 18 urterekin, Elena alaba ere kontratatu zuen aitak, eta orduan hasi ziren emakumeei ere zerbitzua eskaintzen, lokaleko goiko pisuan.
Lehen ileordeak
Canoren hitzetan, Egian «oso ezaguna» zen bere aita. «Ez da nire aita zelako, baina hain ona zenez, hainbat lehiaketa irabazi zituen Donostian eta Frantzian. Horrela gordeta dago garaiko egunkarietako albisteetan», adierazi du. Horrez gain, ezaguna zen Donostian ileordeak saltzen lehena izan zelako: «Ile naturala zuten ileordeak Bartzelonatik ekartzen zizkiguten, eta jende pila bat etortzen zen horiek erostera, toki guztietatik; batez ere, minbizia zuten eta ilerik gabe geratzen ziren emakumeak. Donostiatik ez ezik, probintziatik ere etortzen zen jendea, beraien ile apaintzaileekin. Lehenengo aldiz, gurean jartzen zuten ileordea, baina ondoren, mantenua beraien ile apaintzaileek egiten zieten».
Rafael Canok 63 urterekin hartu zuen erretiroa, eta gainerako lankideak geratu ziren bertan lanean. Ondoren, emakume batek alokatu zuen, baina duela lau urtetik itxita dago. Historia luzeko ile apaindegia alokagai dute orain, jabe berri baten zain.