Eusko Jaurlaritzak erosiko du Karmelo ikastetxearen eraikina
ELA sindikatuak erosketa hori kaleratu nahi dituzten langileei "irtenbide bat emateko" baliatzeko eskatu du.
Donostiako Karmelo ikastetxeko eraikina erosiko du Eusko Jaurlariyzak, eta ELA sindikatuak Jaurlaritzari eskatu dio erosketa balia dezala kaleratu nahi dituzten 42 langileei irtenbide bat emateko. Izan ere, Karmeloko langileek 36. greba eguna dute gaurkoa. Enpresak EEE (Enplegu Erregulazio Espedientea) bat aplikatu die eta ez du informaziorik helarazten.
Scientia School enpresak EEE bat jarri zuen martxan ekainaren 17an Donostiako Karmelo ikastetxean, eta zentroko 42 langileak kaleratu nahi ditu. Bada, Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Karmelo ikastetxea kokatuta dagoen eraikina erosteko asmoa du. “Ondorioz, Scientia School enpresari milioi ugari ordainduko dizkio. Hori dela eta, ELAk Hezkuntza Sailari eskatu dio eraikinaren salerosketa balia dezala itxiera baldintzak negoziatzeko eta langileei irtenbide bat eskaintzeko”, adierazi du sindikatuak.
Scientia School enpresak orain bost urte erosi zuen Donostiako Karmelo ikastetxea. 2023ko urtarrilean, enpresak adierazi zuen ikasturtea amaitzean ikastetxea itxiko zuela, langileei inolako irtenbiderik planteatu gabe. Bide horretan, enpresak ez du eskatutako informaziorik igorri, eta ELAk auzitegietara jo du.
“Karmelo ikastetxea Itunpeko sareko ikastetxea da eta, ondorioz, hein handi batean funts publikoen bidez sostengatzen da. Ondorioz, Hezkuntza Sailak, Donostiako Udalak zein Kristau Eskola Patronalak ere badute erantzukizuna auzi honetan. Horregatik, itxieraren aurrean eta erosketarekin, langileen baldintzak ere kontuan hartu behar dira”, nabarmendu du ELAk.