Manuel Orcera de la Cruzen omenezko plaka jarri dute Amaran
Donostiako Udalak Manuel Orcera de la Cruz ETAren biktimaren omenezko plaka jarri du Amaran larunbat goizean, tren geltokiaren kanpoaldean. Ohiko legez, ekitaldi xumea izan da, eta Donostiako alkate Eneko Goiak, udal taldeetako ordezkariek eta biktimen senideek parte hartu dute.
Orcera de la Cruz Ubedakoa zen (Jaen, Andaluzia), Espainiako Polizia Armatuko agentea zen eta 24 urte zituen 1977an, ETAk hil zuenean. Urte horretako maiatzaren 18an, Easoko geltokiaren barruan lanean ari zela, bi etakide ibilgailu batetik jaitsi ziren eta Orcera de la Cruz tiroz hil zuten.
27. plaka
Udalak duela bi legegintzaldi abiatu zuen “Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimena”, eta, horren barruan, hirian jarri duten 27. plaka da gaurkoa.
Hain zuzen ere, biktima hauen omenezko plakak jarri dituzte aurretik: Juan Maria Araluce, Jose Maria Elizegi Diez, Antonio Palomo Perez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo Garcia Gonzalez, Gregorio Ordoñez Fenollar, Francisco Martin Gonzalez, Fernando Mujika Herzog, Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Dominguez de Vidaurreta eta Daniel Garrido Velasco, Miguel Paredes eta Elena Moreno, Eugenio Olaziregi Borda, Francisco Javier Gomez Elosegi, Jose Angel Santos, Josu Leonet, Juan de Dios Doval Mateos, Miguel Angel Iñigo Blanco, Juan Antonio Marcos Gonzalez —ETAren biktimak—, Enrique Cuesta, Antonio Gamez eta Juan Manuel Garcia Cordero —Komando Autonomo Antikapitalistak taldearen biktimak—, Begoña Urroz Ibarrola —DRILen biktima—, Mari Jose Bravo del Valle —Batallon Vasco Españolen biktima— eta Joseba Barandiaran Urkola —Poliziaren biktima—.