Euskararen erabilera sustatzeko jarduerak, baita udan ere
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak gaur jarri ditu martxan haurren eta gazteen artean euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko udako jarduerak.
Guztira, lau jarduera egingo dira uztailean zehar. Batetik, Oporretan Euskaraz udaleku irekiak, 5-11 urteko haurrentzat; bestetik, Haurrak Udan Mintza Jolasean (8-10 urtekoentzat) eta Aisikasi (12-15 urtekoentzat) udaleku trinkoak, ikasturtean zehar kanpotik Donostiara etorri eta oinarrizko hizkuntza maila eskuratu ez dutenentzat. Azkenik, euskara ikastaroak, oinarrizko euskara mailarik ez duten 16-18 urteko gazteentzat. Aipatu lau jardueretan, guztira, 1.000 haur eta gaztek hartuko dute parte.
Oporretan euskaraz, ohiko udaleku irekiak
Oporretan Euskaraz udalekuetan, 5-11 urte bitarteko 697 ikasle elkartuko dira aurten. Udaleku ireki hauek uztailaren 1etik 26ra izango dira, goizez (09:00etatik 13:30era), astelehenik ostiralera, uztailaren 25ean izan ezik, hiriko hamar gunetan. Taldeak jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratu dituzte. 08:30etik 09:00etara zaintza zerbitzua ere eskainiko zaie, hala eskatu zuten familiei.
Udaleku hauetan era askotako jarduerak egingo dituzte: parke eta zelaietan jolasean ariko dira, hondartzara joango dira, hizkuntz jolasak egingo dituzte, lantegiak, eskulanak, ingurumena landuko dute eta abar. “Horrela, jolas giroan, hizkuntza erabili eta hobetu egingo dute haurrek, hiztegia eta hizkera aberastu, eta aisialdian euskaraz egiteko ohitura izango dute”, adierazi du udalak.
Arreta berezia iritsi berri direnei
Haurrak Udan Mintza Jolasean eta Aisikasi izeneko jardueretan euskara erabiltzeko gaitasun urria duten haurrek hartuko dute parte. “Haur horiek oraindik ez dute euskara menderatzen, gehienak jatorri ezberdineko etorri berriak baitira”, azaldu du udalak.
Haurrak Udan Mintza Jolasean jardueran, 8-10 urteko 91 haurrek hartuko dute parte, eta hiriko lau haurtxokotan (Amaran, Bidebietan, Grosen eta Intxaurrondon) egingo dira. Hiru aste iraungo du egitasmoak, uztailaren 1etik 19ra.
Aisikasi egitasmoa, berriz, 12-15 urte arteko gazteei zuzenduta dago. 104 gaztek hartuko dute parte, eta hiriko sei gaztelekutan (Aieten, Altzan, Amaran, Bidebietan, Grosen eta Intxaurrondon) bilduko dira, uztailaren 1etik 19ra.
Bereziki ahozkotasuna landuko dute bi udaleku trinko horietan, era ludikoan, giro lasaian eta atseginean. Ikastetxeetan euskara ikasten hasi dira amaitu berri den ikasturtean eta ikasketa prozesu horretan laguntzeko asmoz jarri ditu martxan udalak bi egitasmoak.
Doako euskara ikastaro berezituak 16-18 urte bitartekoentzat
Azkenik, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, hiriko euskaltegiekin elkarlanean, euskara ikastaroak (B2 maila arte) antolatu ditu uztailean, oinarrizko euskara mailara iristen ez diren 16-18 urte bitarteko gazteentzat. 122 gaztek eman dute izena. 60 orduko ikastaroa egingo dute doan uztailean.