Palestinaren aldeko elkarretaratzea egingo dute asteartean Miramar jauregian
EHU Palestina eta BDZ Gipuzkoa taldeek deituta, Palestinaren aldeko elkarretaratzea egingo dute bihar Miramar jauregian, EHUren Udako Ikastaroen testuinguruan. 16:30ean elkartuko dira Mirakontxako sarreran, “EHUk sionismoarekin duen konplizitatearekin amaitzeko eskatzeko”.
Antolatzaileek salatu dutenez, azken hilabeteetan Israelgo estatuak “jauzi kualitatiboa” eman du, eta Palestinako herriaren aurkako genozidioa gauzatzen ari da, “inpunitate osoz”. “Israelen ekinbidea ahalbidetzen duena mendebaldeko herrialdeen konplizitatea da. Zentzu honetan, EHU konplizitate honen parte da”, adierazi dute.
Unibertsitateko komunitateak egindako presioa dela eta, Gobernu Kontseiluak apirilaren 24ean onartu zuen Palestina laguntzeko manifestua, Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean. Bertan, giza eskubideak urratzen dituzten eragileekin harreman komertzialik edo akademikorik ez ezartzeko konpromisoa hartu zuen. “Halere, EHUren gardentasun falta agerian geratu da, izan ere, genozidioa gauzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dizkion enpresekin harreman zuzenak izaten jarraitzen du, besteak beste, Beasaingo CAF, HP edota AXA enpresekin. Era berean, azken egunotan jakin dugu EHUk 4,2 milioi euro inguru jasoko dituela Europako funts publikoetatik, Israelgo hainbat erakundek parte hartzen duten zenbait ikerketa proiektuen baitan”, salatu dute.
Horren aurrean, eskatu dute Israelgo estatua babesten duten erakunde, unibertsitate eta enpresekin harremanak haustea, “Israeli boikota eginez”. Gainera, uste dute hori betetzen dela ziurtatzeko “beharrezkoa” dela EHUk batzorde ireki, publiko eta gardena eratzea, “zeinak eragin zehatz eta eraginkorrerako aukerak eta baliabideak izango dituen”.
Horregatik, EHU Palestinak eta BDZ Gipuzkoak bihar EHUko Udako Ikastaroen irekiera ekitaldira bertaratzeko deia egin diete unibertsitateko komunitateko kide diren langile zein ikasleei, baita herri mugimenduei eta herritarrei ere, “azaldutako egoeran EHUk sionismoarekin duen konplizitatearekin amaitzeko”.