Rosa Zarrari omenaldia egin diote, eta egia aitortzeko eskatu dute senitartekoek
Ertzaintzaren gomazko pilota batek sabelean jotzearen eraginez hil zen Rosa Zarra, duela 29 urte. Kolpea jaso eta astebetera hil zen ospitalean, 58 urterekin. Bada, atzo, haren aldeko oroimen ekitaldia egin zuten Amara Berriko Ferrerias plazan, eta egiaren aitortza eskatu zuten senitartekoek.
Zarraren alaba Maiderrek hitz batzuk irakurri zituen bertaratu zirenentzat, eta ama “ausardia izugarria erakutsi zuen emakumea” zela nabarmendu zuen: “Giltzurruneko gaixotasuna gainditu eta giltzurrun transplante bati aurre egin ondoren, bizipozaz eta energiaz beterik zegoen ama. Seme-alabak hazita, senarra jubilatua, bigarrengoz amona izan berria, goizero-goizero igerilekura joanda aktibo eta osasuntsu mantentzen zena, bere askatasun berriaz gozatzen hasia zela, kendu ziguten. Bere bizi indarra, borrokarako grina eta alaitasuna argi ikusten zuten ongi ezagutzen zutenek”.
Hala ere, duela 29 urteko ekainaren 22an, Ertzaintzaren “indarkeria ekintza bidegabe batek” ama kendu ziela adierazi zuen alabak: “Sentitzen genuen tristura eta mina areagotu egin zen agintariek benetako gertaerak ukatu zituztenean. Haren heriotza arrazoi naturalen ondorio izan zela sinestarazi nahi izan zioten gizarteari, baina han geundenok eta ama ezagutzen zutenek badakigu egia zein den”.
28 urteren ondoren, Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak lehen aldiz “egia” kontatzeko eta entzunak izateko aukera eman ziela nabarmendu zuen. “Haiengandik jasotako enpatia eta errespetua ikusita harriz betetako motxila astuna kentzea bezala izan zen”, nabarmendu zuen. Hala ere, urte eta erdi pasa den honetan, oraindik ez dutela haien ebazpenaren berririk jaso salatu zuen: “Oraindik ez dugu kapitulu mingarri hau ixteko eta gure amak merezi duen duintasun apur bat berreskuratzeko aukera emango digun aitorpenik jaso. Ez digute ama, emaztea, izeba, koinata, laguna bueltatuko, baina bere benetako historia ahanzturan eror ez dadin, egiaren aitortza besterik ez dugu eskatzen”.
Horregatik, gertatu zena benetan aitortzeko eskaera egin zuten senitartekoek, eta lore eskaintza bat ere egin zuten bertaratu zirenek, Rosa Zarraren argazkiaren aurrean. Horrez gain, Txoria txori eta Xalbadorren heriotzean abestiak kantatu zituzten elkarrekin.