Uztailaren 3an irekiko ditu ateak Zmarek
Asteazkenean zabalduko ditu ateak Zurriola hondartzan kokatuta dagoen Zmare jatetxeak. Hasieran, barrualdean hasiko dira zerbitzua eskaintzen, eta, ondoren, terrazan.
Zazpi urtez itxita egon den lokalak irudi erabat berritua aurkeztu du oraingoan. Hondartza eta surfarekin lotura handia duen honetan, horixe bera baliatu dute negozio berriaren titularrek erakusketa txiki bat sortzeko, Zurriolak jasan duen aldaketaren lekuko diren argazki historikoekin. Argazki horiek surfaren bilakaeratik paseatzeko aukera eskaintzen dute, hiriarekin eta, bereziki, Zurriolarekin duen loturari eskutik helduz.
Zmareren proposamen gastronomikoa, “kalitate handiko produktuak eskaintzean” oinarrituko da, “parrilla, paella eta sasoiko produktuak nabarmenduz”, sustatzaileek adierazi dutenez. Establezimendu berriko sukaldeaz Grupo 1982 arduratuko da.
Hiru espazio ezberdin eskainiko ditu lokalak: mokadutxo batez gozatzeko terraza informal bat, itsasora begira dagoen terraza itxi bat (barruko menu bera dastatzeko), eta jangela nagusi bat, non “kasualitate eta dotoretasun handiagoko esperientzia bat” proposatuko duten.
Ikastaroak ere bai
Gaur eman dio hasiera Zmarek bere jarduerari, 13 eta 17 urte bitarteko gazteentzako salbamendu eta sorospeneko UDA ikastaroarekin. Ikastaroak 10:00etatik 13:00etara izango dira eta Xabier Aranburuk koordinatuko ditu. Informazio gehiago nahi izanez gero, formacion@zmare.es helbidera idazteko eskatu dute antolatzaileek.