Cementos Rezolako kaleratzeak gelditzeko, epaitegietara jotzeko prest daude
Cementos Rezolako langileek greba mugagabean jarraitzen dute, Heidelberg Materials enpresak ezarri nahi duen lan erregulazioaren espedientearen kontra eta lanpostuen alde. Gaurkoan (hilak 2), LAB eta ELA sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute Amara Berrin, langileen ordezkariak enpresakoekin bildu aurretik. Bertan, iragarri dute 56 kaleratzeak uztailaren 31n gauzatu daitezkeela, eta, beharrezkoa baldin bada, sindikatuek epaitegietara joko dutela, lan erregulazioaren espedientearen aurka. Hilaren 18tik aurrera ahalko lukete bide judiziala abiatu.
Greba ostiralean abiatu zuten, eta, sindikatuen arabera, %100eko jarraipena dauka ordutik. “Duela hamar bat egun, enpresak 56 langile kanporatzeko lan erregulaziorako espediente bat jarri zigun mahai gainean. Erabaki hori justifikatzeko enpresak dio deskarbonizazio prozesu bat egin nahi duela. Langileek argi dutena da, prozesu hori egin behar dela, baita trantsizioa ere, baina lanpostuak suntsitu gabe”, adierazi zuen ostiralean Usua Lasak, LAB sindikatuko Gipuzkoako Industria federazioko arduradunak. Auzotar ugariren babesa ere jasotzen ari dira langileak, LABek azaldu duenez.
Enpresak eskaini du hamabost langile Arrigorriagako planta batean (Bizkaia) eta beste hamabost Europako beste planta batzuetan birkolokatzea, baina enpresa batzordeak ez du begi onez ikusten Añorga plantako langile kopurua horrenbeste murriztea, “etorkizunerako berme eskasak” ematen dituelako horrek.