Donostiako 48 familia haur eskolarik gabe gelditu dira datorren ikasturterako
Donostiako haur eskolek ez dute eskari handiari erantzuteko adina toki eta 48 familia lekurik gabe geratu dira sare publikoan. Hala islatzen dute atzo bertan Haurreskolak Partzuergoak plazaratu zituen behin betiko zerrendak. Nolanahi ere, Hezkuntza Sailetik iragarri duenez, tokirik gabe gelditu diren familia horiek aukerak izango dituzte irailera arte toki bat eskuratzeko.
Zerrendetan ageri moduan, arazorik handiena EAEko biztanle gehien dituen hiri eta herrietan sortu da —Donostia, tartean—. Izan ere, EAEn eskaini diren toki guztien %59 baino ez da bete; hots, irailaren 5ean abiatuko den ikasturte berriari begira, 8.812 leku eskaini ditu Hezkuntza Sailak hiru lurraldeetan eta, leku horietatik, 5.173 haurrek eskuratu dute lekua. Egoera horren aurrean, irtenbideak topatzeko lanean daudela iragarri dute Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailetik, eta adierazi dutenez, dagoeneko udalekin daude harremanetan plaza gehiago sortu ahal izateko.
Loiolako Erriberan irtenbidea
EH Bilduko zinegotzi Izar Hernandok apirileko osoko bilkuran gogorarazi zuen moduan, zenbait auzotan, Amara Berrin kasu, eskaria eskaintza baino nabarmen handiagoa da.
Amara Berrin, esaterako, Kattalin haur eskolak ezin dio egungo eskari handiari erantzun eta hori dela eta auzoko familia asko kanpo gelditzen dira. Horiek horrela, udal gobernuak auzoz auzoko eskaintzaren, eskariaren eta beharren azterketa sakona egin dezala eskatu zuen, “sare publikoa indartzeko”.
Bide horretan, Loiolako Erriberan sortu behar duten haur eskola izan daiteke irtenbidea. Irailean irekitzeko asmoa zuten aurrera 0 eta 2 urte bitartekoentzako eremu berriak, 45 toki izan ditzake eta.