Lanzo Batteries-en lehen bateria orbitan, datorren urtean
Donostiako Lanzo Batteries zentro teknologikoak bere lehen bateria jarriko du orbitan, datorren urtean. SpaceX-en Falcon 9 suziri baten bidez egingo du, Cañaveral lurmuturretik (AEB), 2025eko ekainean.
Jesus Marcos, Lanzo Batteries-eko CEOak ohar batean adierazi duenez, konpainiak sektore aeroespazialerako diseinatutako baterien teknologia berri bat baliozkotuko du jaurtiketa horretan: “Bateriak back-up energia emango du egunean bost aldiz, eta hiru orbitatik behin aktibatuko da”, azaldu du. “Misio honek bateriaren ezaugarri guztiak ebaluatuko ditu orbitan dagoen bitartean, UARX Spaceren Orbita Transferentziako Ibilgailuaren (OTV ingelesezko sigletan) plataforman bidaiatuz”. Hala, ebaluazio horrekin, beren produktuei etorkizuneko misio espazialetarako fidagarritasuna emango diete.
Misioaren iraupena
Misioa 500-600 kilometroko altuerara iritsiko da, eta orbitan mantenduko da, gutxienez, sei hilabetez; bi urtera arte luza daiteke, emaitzen arabera. Egonaldian, bateriak eta bateriak kudeatzeko sistema (BMS) monitorizatu egingo dira, ingurune espazialean duten jarduna ebaluatzeko.