Musikari eta produkzioari lotutako ikastaroak emango ditu Dokak uztailean
Itxita jarraitzen du Doka Kafe Antzokiak, baina musika eta produkzioari lotutako ikastaroak eskainiko ditu uztailaren 9an, 10ean eta 11n. Zuzeneko soinu teknikan, zuzenekoen produkzioan, eta grabaketa eta produkzio musikalean trebatzeko aukera izango dute izena ematen dutenek.
Kontzertu bat aurrera ateratzeak baliabide teknikoen ezagutza behar du, eta horixe landuko dute Zuzeneko soinu teknika ikastaroan: mikrofono motak, kableatu zein konexioak, soinu mahaiaren erabilerak… hainbat dira zuzeneko batean aintzat hartu beharrekoak. Saio teoriko eta praktikoen bidez ezagutuko dute parte hartzaileek zuzeneko batek dakarren lan teknikoa; mikrofono instalazioen aukeraketa egokia eta filtroen eta efektuen erabilera landuko dituzte, beste askoren artean. Saio hauek soinu proba birtualekin zein zuzenekoetan egindako praktikekin osatuko dira.
Zuzeneko bat arrakastatsua izateko ezinbestekoa da antolakuntzaren plangintza eta kudeaketa on bat. Zuzeneko produkzioa ikastaroan, produkzio zereginak landuko dira; besteak beste, egutegiaren kudeaketa, sare sozialen erabilera, harrera eta teknika rider-ak eta kartelgintza. Hori guztia egin eta gero, abestiak kaleratzetik gertuago egoten dira artistak; hala ere, hainbat dira lana argitaratu aurretik eman beharreko pausoak: kantua grabatu, editatu, ekoiztu, nahastu eta masterizatu egiten dira, besteak beste. Grabaketa eta produkzio musikala ikastaroan landuko dute hori guztia, beharreko baliabideak erabiliz.
Uztailaren 7ra arte egongo da irekita izen ematea, eta ikastaroak@doka.eus helbidean egin dezakezue (plaza mugatuak).