Ibil Bedik eta La Txamak girotuko dute Glad is the Day jaialdia, besteak beste
Zortzigarrena du Glad is the day jaialdiak aurten, eta “orain arteko kartelik osoena” aurkeztu dute gaur, antolatzaileen ustez. Abuztuaren 4an izango da, Gladys Enea parkean, baina abuztuaren 3an hasiko dira giroa berotzen, Tabakalerako sarreran egingo duten aperitibo batekin. Bertan, Musikagelako talde batek joko du; aurrerago zehaztuko dute zein izango den taldea.
Egia Kultur Etxearen ekoizpenaren, Dabadabaren eta Le Bukowskiren koordinazioaren, Keler garagardoaren babesaren eta Kutxa Kultur Fundazioaren eta Tabakaleraren laguntzaz egingo da aurtengoa. Gladys Enea parkeak duen berezko esentzia aprobetxatuz, kontzertuek, DJ saioek, piknikek, 50 postuko artisautza azoka batek eta haurrentzako jarduerek osatuko dute jaialdia, 12:00etan hasi eta 21:00etan bukatuz, etenik gabeko giroarekin. Parkearen esentzia hori aldarrikatu nahi du Glad is the Dayk, musika, natura eta gastronomia uztartuz: “Parkea egoera onean mantentzeko konpromisoa hartzen dugu”, adierazi du Jon Aizpurua Kultur Ekintzako zuzendari teknikoak.
Musikaz beteko da berriro parkea, aurtengo kartelaren parte diren hamabost banda eta artisten eskutik, eta bi espaziotan egongo dira banatuta: agertoki nagusian eta Hondamen Sonikoan; Ibil Bedi, La Txama, La Ola Maldita eta Silverio egongo dira, besteak beste, agertoki nagusian, Hondamen Sonikoa zuzeneko eta DJ saio eskaintza zabal batek betetzen duen aldi berean: 1111, Makeda eta Alai izango dira, esaterako, espazio hori girotuko dutenak. “Garrantzitsua iruditzen zaigu bi espazio edukitzea”, adierazi du Aizpuruak. Izan ere, publiko aniztasuna da jaialdiaren puntu sendoetako bat: “Familiak gerturatzen dira agertoki nagusira, gehienbat, eta Hondamen Sonikoa gazteentzako pentsatuta dago, gehiago”. Esan dutenez, familiarra, abangoardiakoa, integratzailea eta berritzailea da jaialdia. “Auzoa egiten laguntzen du, eta, aldi berean, musika eta kultura aniztasuna bultzatzen dugu”, azaldu du Alex Lopez Allende, Dabadabako ordezkariak.
Bertako zein kanpoko rap, reggae, rock, pop edo punk doinuek beteko dute agertoki nagusia, aurten, eta La Ola Maldita talde donostiarrarekin emango diete hasiera emanaldiei; 2021an sortu zen taldea, eta 1960ko hamarkadako surf rocka egiten dute, orduko “bibratzeko doinuak” bilatuz. Erromintxelak talde arrasatearrak jarraituko du, gero. Swing eta gipsy estiloak lantzen dituzte hauek, eta iazko abenduan kaleratu zuten beren lehen singlea.
Iruñeko Ibil Bedi taldearen txanda izango da, ondoren. Pop doinuak egiten dituzte, eta, dagoeneko, hiru disko kaleratu dituzte. Gainera, Musika Bulegoa saria eskuratu dute, berriki, eta Euskal Herriko panorama musikaleko artista ezagunenekin kolaborazioak egin dituzte; esaterako, J Martina eta Anarirekin. La Txamak hartuko die erreleboa, jaialdia “apurtzeko” intentzioarekin. Zenbait taldetatik elkartutako musikariak dira, eta zaharraren eta berriaren arteko loturaz baliatzen dira musika egiteko.
Magia Brutak jarraituko du, horien atzetik. Hamar disko soinean, pop mistikoa, elektronika esperimentala eta 60ko hamarkadako girl group armoniak lantzen dituzte, beste batzuen artean. Madrilgo Alcala Norte taldeak ere jarriko du bere aletxoa jaialdian; soinuen sintesiak egiten dituzte, eta, heavy metalaren solemnitatetik, 80ko hamarkadako pop naive-raino egiten dute salto, punkaren energiaz baliatuz. Amaitzeko, Silverio talde mexikarrak joko du. Musika elektronikoa da beraiena, ikuskizun polemiko eta kutsu lizunekoak eskainiz.
Hondamen Sonikoak, ordea, Makeda, Sara Goxua, Alta eta Sofy Suars DJak hartuko ditu; bestalde, 1111, Alai, Kalipotxo eta SixSexen live emanaldiak ere eskainiko dituzte.
Jaialdirako sarrera doakoa da, baina euria egingo balu, emanaldi guztiak Gazteszenara, Le Bukowskira eta Dabadabara lekualdatuko dituzte, edukiera mugatuarekin.