Maria Paz Jimenezen bi lan nabarmendu ditu San Telmo museoak
Museoak arte historikoaren aretoan txertatu dituen berritasunen artean dago Nabarmendutako Obra, eta Maria Paz Jimenez (Valladolid, 1909) artistaren garai ezberdinen erakusle diren bi lan jarri dituzte bertan ikusgai. Uztailaren 2tik irailaren 22ra bisitatu ahal izango dira.
Aretoan espazio berezi bat prestatu da eta, noizean behin, obra bati eskaintzen dio arreta berezia, denbora batez. Hala, Ramon Kortazarren Balneario La Perla del Óceano obrari erreleboa hartuta, uda osoan disfrutatu ahalko dira Jimenezen biak.
Valladoliden jaio arren, Donostian bizi izan zen Jimenez 6 urte zituenetik. 1936an ekin zion bere ibilbide artistikoari, Buenos Airesen, baina etengabeko harremana izan zuen Donostiako giro artistiko eta kulturalarekin. Hainbat erakusketa, topaketa eta solasalditan hartu zuen parte beste artista askorekin, hala nola, Txillida eta Oteizarekin.
Intimismoa eta subjektibotasuna uztartzen zituen, eta formekin eta koloreekin esperimentatu zuen, berezko estiloarekin. Obra horien lagin garrantzitsua du orain San Telmo museoak: Adolescencia eta Pintura lanak.
Nerabeen irudiz jantzi zituen artistak bere koadroak, aurretiaz landutako fantasia surrealista atzean utzita, eta hori bera adierazten du Adolescencia koadroan. Emakumeak pintatzen zituen gehienetan eta irudi errazak izaten ziren, goxoak eta baikorrak. Pintura egiteko, Parisera egindako bidai batean oinarritu zen artista, arte abstraktuak eragindako liluratik abiatuta. Hala, garai hartan ekin zion informalismoari; pintura plastikoak eta hondarrak erabiltzen hasi zen, erliebeak egiten.