Miramarren elkarretaratzea egin dute EHUk sionismoarekin duen «konplizitatea» salatzeko
Ertzaintza eta manifestarien artean sortutako tirabiraren harira, sei kide identifikatu zituzten eta beste batek isuna jaso zuen, "desobedientzia" egotzita.
EHU Palestina eta BDZ Gipuzkoa taldeek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo, Miramar jauregiaren atarian “EHUk sionismoarekin duen konplizitatearekin amaitzeko eskatzeko”. Unibertsitateko langile, ikasle zein bestelako herri mugimenduetako kideak Mirakontxako sarreran ziren elkartzekoak, EHUko Udako Ikastaroen egoitza nagusiaren sarrera baita hura. Nolanahi ere, manifestariek Ertzaintzarekin tira-birak izan zituzten hasieratik, eta atarian elkartutako manifestari batzuk identifikatu eta zinta baten bitartez zokoratu zituzten.
Bertan bildu ziren kide batzuek azaldu dutenez, ertzainek ez zuten lagun taldearen aldarrikapen eskubidea errespetatu. Hala, baimena izan arren, bertatik ateratzeko ahaleginetan ibili ziren elkarretaratzea amaitu bitarte. Horren adierazle da, besteak beste, sarrera horren zirkulazioa eten egin zutela mobilizazioa iraun bitartean. Era berean, kideetako batek isuna jaso zuen, “desobedientzia” egotzita, Ertzaintzarekin “negoziazio” ahaleginak egin ostean. Bertan bildutako kideen arabera, “hemen ez dago ezer negoziatzerik” erantzuten zuten agenteek, haiekin “modu baketsuan” hitz egiten saiatzen ziren bakoitzean.
Unibertsitateko komunitateak asteak daramatza EHUk eta Israelgo estatuak duten “konplizitatea” salatzen. Gobernu Kontseiluak apirilaren 24ean onartu zuen Palestina laguntzeko manifestua Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean. Bertan, giza eskubideak urratzen dituzten eragileekin harreman oro eteteko konpromisoa hartu zuen hezkuntza komunitateko zuzendaritzak, baina Palestinaren aldeko taldeen arabera, “EHUren gardentasun falta” agerian geratu da: “Genozidioa gauzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dizkion enpresekin harreman zuzenak izaten jarraitzen du, besteak beste, HP, AXA edo Beasaingo CAF enpresekin”.
Era berean, kideek diotenez, EHUk 4,2 milioi inguru jaso ditu Europako funts publikoetatik, Israelgo erakundeekin elkarlanean aritutako hainbat proiektuengatik. Gauzak horrela, Israel babesten duten erakunde, enpresa eta unibertsitateekin harreman oro etetea eskatzen dute. Neurri horiek bermatu daitezen eta horretarako baliabideak jarri daitezen, ordea, ezinbesteko ikusten dute EHUn “batzorde ireki, publiko eta gardena eratzea”.