Seigarren greba eguna dute Aspaceko langileek
Gipuzkoako Aspace eguneko zentroetako eta hezkuntza eta arreta goiztiarreko langileek seigarren greba eguna dute gaur, erosahalmenaren defentsan eta hitzarmena berritzeko borrokan. ELAk eta CCOOk deitu zuten grebara, eta jarraipena are handiagoa izan da gaurkoan, greba egin zezaketen langile ia guztiek egin baitute bat.
Pasa den astean eskaintza berri bat egin zuen Aspace enpresak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bildu ostean, baina sindikatuek adierazi dutenez, ez da nahikoa izan; izan ere, erosahalmena bermatzeko soldata hobetzeaz gain, gainontzeko hobekuntzak bermatzeko eskatzen die administrazio publikoari eta Aspaceri. Hau da, lana eta bizitza kontziliatzea ahalbidetuko dituzten neurriak hartzeko eta hobekuntza sozialak eta enpresa beraren antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko.
Guztira, 169 langile daude grebara deituta, Gipuzkoako zentro desberdinetan lan egiten dutenak. Gaur Donostian egin dute kontzentrazioa eta autoen karabana, eta Aspacek eta administrazioak jarrera aldatu ezean, mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi dute.