125.000 euroko inbertsioa, Urgulleko informazio panelak hobetzeko
Aurrera jarraitzen du Urgull mendia berreskuratzeko programatutako Plan Integralak; duela gutxi, 120 paperontzi jarri dituzte mendi osoan zehar, eta seinale guztiak berrituko dituzte, laster. Carlos Garcia Hiri Mantentze Lanetako zinegotziak adierazi duenez, seinale gehienak “bandalizatuta” daude. Hala, Urgull mendian zehar banatuta dauden 65 informazio panelak aldatzeko 125.000 euroko inbertsioa egingo dela aurreikusten du udalak, gutxienez.
Horri guztiari sastrakak eta zuhaitz arriskutsuak kentzeko lanak gehitu behar zaizkio, baita bideak eta arekak garbitu eta hobetzeko lanak, begiratokiko bateriaren azpiko espazioa berreskuratzekoak edo Orixe Ikastolaren igoerako egurrezko baranda zatiak berritzekoak ere, egoera txarrean baitzeuden.
Garciak adierazi duenez, 125.000 euroko kostua izango du informazio panel guztiak berritzeak: “Panel horiek duela hogei urte berritu ziren, baina ia guztiak bandalizatuta daude, pinturaz eta grafitiz beteta”. Esplikatu duenez, kontuan dute gerora ere berdina gertatu daitekeela panel berriekin, baina hiritarrei horretaz jabetzeko eta ondarea zaintzeko eskatu diete, “batez ere, Urgullen moduko gune historikoetan”.
Ingelesen Hilerria ere mantentze lanen zain dagoela esan du: “Kontua ez da leku horren xarma desitxuratzea, baizik eta bere espazioak eta hilobiak hobetzea, pintaketak eta grafitiak garbituz, osatzen duten elementuei kalterik egin gabe, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenarekin eta laguntzarekin”. 2006 eta 2009 artean egin zen esku hartzerik handiena mendian, hiru milioi euro inbertitu baitzituzten.