Agustindarren eraikina lanbide heziketarako erabiliko dute
Ortzadar zentroak erosi du Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa zen Martuteneko ikastetxe zaharra.
Hogei urtez itxita eta utzita egon den Agustindarren eraikinari erabilera berri bat emango diote. El Diario Vasco egunkariak argitaratu duenez, Eusko Jaurlaritzak Ortzadar lanbide heziketako zentroari saldu dio Martuteneko ikastetxe zaharra. Zehazki, ekainaren 19an sinatu zuten salerosketa. Jaurlaritzak denbora zeraman eraikina saldu nahian, erabilera bat emateko. Horrela, lanbide heziketako zentro bat izango da.
Martuteneko Barkaiztegi bidean dago Agustindarren ikastetxea izandakoa, eta azken hilabeteotan zer esana eman du auzotarrek istiluak izan dituztelako han bizi diren etxerik gabeko pertsonekin. Ondorioz, azkenaldian, Donostiako Udaltzaingoaren presentzia nabarmen handitu da inguru horretan.
Ortzadar zentroak ez du eperik zehaztu lanbide heziketako eskola irekitzeko. Izan ere, lehenik eraikina hustu behar dute, eta eman beharreko pausoak aztertzen ari dira.