Aldundiak sexu indarkeriaren biktimentzako zentroa ireki du Erdialdean
Arreta integraleko zentroa eguneko 24 orduetan egongo da zabalik, urteko 365 egunetan.
Donostiako Erdialdean, Kamino kaleko 1. zenbakian, ireki du Gipuzkoako Foru Aldundiak sexu indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko espazio fisikoa. Gunean berehalako arreta eta akonpainamendu integral eta espezializatua emango du eguneko 24 orduetan, eta urteko 365 egunetan, berriki edo iraganean sexu indarkeriaren bat jasan duten emakumeei, haien familiei eta gertukoei.
Aldundiko arduradunek azaldu dutenez, arreta guztiz pertsonalizatua da, eta aurrez aurre zein telematikoki —online eta telefonoz— eskainiko zaie erabiltzaileei. Era berean, langile teknikoak biktima dagoen lekura ere gerturatuko dira, arreta indibiduala, taldekoa edo ikuspegi komunitariokoa ematera.
Eider Mendoza ahaldun nagusiak azaldu duenez, Erdialdeko arreta gune berriarekin batera irek dituzte beste bi: Arratsaten eta Goierrin. Hiruak martxan jartzeko 1,1 milioi euroko finantzazioa jaso dute Berdintasun ministeriotik, Gipuzkoako gizarte larrialdiko zerbitzuaren bidez ematen duen arreta “indartzeko”.
Grosen, behin betiko
Proiektua martxan jarri den arren, aldaketak egongo direla iragarri du Mendozak; izan ere, Donostiako Erdialdean ezarri duten gunea behin behinekoa izango da Grosen aurreikusitako zentroa egokitzeko lanak egin bitartean. Iragarri dutenez, lan horiek hilabete batzuk barru amaituko dira, baina uda betean, azpiegituraren bat izan nahi zuten: “Gure lehentasuna izan da udan eta jaien garaian lehen zentroa irekita izatea, orduan baitu, zoritxarrez, indarkeria matxistak eragin handiena; gainera, Donostiako erdigunean eta espazio irisgarri batean zabaldu dugu.