Bihar hasiko da 49. Liburu Azoka
Bihar (hilak 5) hasiko da Donostiako Liburu Azokaren 49. edizioa Gipuzkoa plazan, eta uztailaren 14ra arte egongo da zabalik. Goizez eta arratsaldez egongo da bisitatzeko aukera, 11:00-14:00 eta 17:00-21:00 bitartean.
Euskadiko Liburu Ganbarak antolatzen du azoka urtero, eta, liburuak salgai jartzeaz gain, erakusgai ere jartzen dituzte. Aurten, hogei postuk osatuko dute azoka, eta %10eko beherapena eskainiko dute horietan. Aurten egongo den postu batean, itsasoari buruzko liburuei emango diete toki berezia.
Hala, zenbait ekitaldi ere egongo dira Liburutegi Nagusiko Plaza Berriko aretoetan, azokaren harira; liburuen aurkezpenak eta idazleekin topaketak, hain zuzen. Lehena, uztailaren 8an izango da, 10:30ean, Mandasko Dukearen aretoan; bertan, Ramon Olasagasti idazlea elkarrizketatuko du Inazio Mujikak, Memoriaren giltza lanaren harira. Egun bereko 19:00etan eta uztailaren 11n, ordu berean, nobela beltza gaitzat hartuko duten topaketak egingo dituzte; Noelia Lorenzo eta Ane Odriozola idazleak egongo dira lehenengoan, eta Almudena Fernandez eta Javier Sagastiberri bigarrenean. Bi topaketak Laura Balaguek moderatuko ditu, eta San Jeronimo aretoan izango dira.
Informazio gehiago nahi izan ezkero, hemen kontsultatu dezakezue.