«Ez dugu uste aparkalekuen tarifa igotzeak auto gutxiago erakarriko duenik, ezta disuasio neurria denik ere»
EH Bilduk proposatu du txandakako plazak murriztea, disuasio aparkalekuak gehitzea —Intxaurrondon berri bat eskaintzea— eta garraio publikoa indartzea.
Donostiako Udalaren eta Telpark enpresaren arteko akordioaren inguruko balorazioa egin du EH Bilduk, udaletxean egindako agerraldi batean. Juan Karlos Izagirre bozeramailearen arabera, hitzarmenak ez dio “modu eraginkorrean heltzen” hirigunera ibilgailuen sarrera murrizteko beharrari, “eta emakidadunari bakarrik egiten dio mesede”. “Ez dugu uste aparkalekuen tarifa igotzeak auto gutxiago erakarriko duenik, ezta disuasio neurria denik ere”, gaineratu du.
Horren aurrean, proposamen zehatzak egin ditu udal taldeak, eta horiek aipatu ditu Izagirrek: “Neurri askoz integralagoak eta iraunkorragoak ditugu eskura, eta, horretarako, nabarmen murriztu behar dira txandakako plazak, disuasio aparkaleku gehiago eta hobeak eskaini behar dira, eta garraio publikoaren bidez Donostiara iristea sustatu behar da. Ildo horretan, Intxaurrondon disuasio aparkaleku berri bat jartzea proposatzen dugu, solairu bakoitzeko 250 plazako edukierarekin”.
Hiru oinarri nagusi
EH Bilduren ustez, konponbideak hiru oinarri nagusi ditu. “Lehenengoa da hiriko erdiguneko txandakako plazak murriztea eta horrelako aparkaleku gehiago ez eraikitzea, bisitarientzat erdigunera auto pribatuz iristeko erakargarriak baitira. Bigarrenak lehenarekin lotura du, eta disuasio aparkaleku nahikoak, seguruak eta kalitatezkoak eskaintzea da, garraio publikoarekin konektatuta, erdigunera modu eroso eta azkarrean iritsi ahal izateko. Eta hirugarrenik, gure hirira garraio publikoan iristea sustatu behar da, hori bultzatuz eta hobetuz. Horri dagokionez, gogorarazi behar dugu gure hirira garraio publikoan sartzen den bisitari kopurua %30etik %10era murriztu dela bi urtean”, azaldu du Izagirrek.