Noka Ekoizpenak emakume zinemagileak bildu ditu Tabakaleran gidoiak aztertzeko
Film luzeen proiektuen azken fasean dauden zuzendariei eta ekoizle berriei tutoretza eta laguntza emateko Noka Ekoizpena programaren hirugarren modulua eskaini zuten iragan ekainaren 27an Donostian. Parte hartzen ari diren zuzendariak eta ekoizleak Tabakalerako 2deo aretoan elkartu ziren, lantzen ari diren filmen gidoiaren egitura aztertu eta elkar trukatutako iritziekin, proiektuak aberasteko.
Goizeko saioa ekoizpenera bideratu zuten, eta arratsaldekoa, berriz, gidoiaren egiturara. Bestalde, Mercedes Selgas ekoizlea, Isabel Peña telebistako gidoilaria, eta Clara Lago,Caballo Filmseko zuzendari nagusia izan zituzten bidelagun, esku artean dituzten proiektuak bideratu eta zuzendariei laguntza eskaintzeko.
Noka ekoizpena
Noka Ekoizpena Zineuskadi elkarteak sustatu eta koordinatutako ekimena da, Tabakaleraren laguntzarekin. Programak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskaintzen die emakume zinemagileei. Era berean, parte hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasotzen dute filmatzen hasteko, eta euren aurrekontua “ahalik eta doituena” izan dadila bermatzen da, arduradunen arabera, bertako eta nazioarteko zinema industriaren laguntzak eskatzeko moduan egon daitezen.
Lehen hiru moduluak eginda, irailaren 5ean eta 6an izango dute laugarrena, Tabakaleran, ekoizpen zatia definitzeko. Bertan, parte hartzaileek proiektuak abian jartzeari, finantzaketa iturriak lortzeko moduari eta finantzaketa eskema ohikoenei buruz hitz egingo dute Tailer horren ondoren, parte-hartzaileek estrategia eta finantzaketa-plana egin ahal izango dituzte, eta eskuratu ahal izango dituzten laguntzen egutegia ere prestatu ahal izango dute.