Añorgatarren Zemento elektrotxaranga bihar estreinatuko da
Bi asteburu hartuko dituzte Añorgako jaiek, eta, urteroko legez, jarduerez beteriko egitaraua prestatu dute, auzoko inor etxean geratu ez dadin.
Añorgako jaiak bihar hasi eta hilaren 16ra arte luzatuko dira, Karmen egunera arte, hain zuzen ere. Jai batzordeko Jon Altunaren hitzetan, «luze samarrak» geratu zaizkie festak aurten, Karmen eguna asteartea izanda, aurreko bi asteburuak egitea erabaki dutelako. Egitaraua osorik ikus dezakezue hemen.
Gasteizko jaietako Zeledonen jaitsiera imitatuz, Añorgan, Zementonen jaitsiera egin ohi dute, baina aurten Zementonek aldaketaren bat izan dezake: «Herri antzerki batean hasi ziren Zementon frontoian kable batetik behera jaisten. Zementonek Cementos Rezola enpresako langile bat irudikatzen du, baina orain, enpresak lan erregulazioaren espediente bat ezarri nahi die langileei, eta borrokan daude langileak. Agian, hori aprobetxatuz, Zementoni aldarrikapen bat gehitu behar diogu, eta igual, greban egongo da».
Izan ere, Altunaren arabera, Añorgaren erdigunea zen Cementos Rezola «langileak lan erregulazioaren espedientean» jartzen dituen enpresa bat da gaur egun, «añorgatarrik hartzen ez duena». Beraz, horrekin desadostasuna adierazteko eta langileekin bat egiteko baliatuko dute Zementonen aurtengo jaitsiera. Hori arratsaldean izango da, baina goizean, oilasko biltzaileekin emango diote hasiera jaiei, 08:00etan. «Berez, ohitura da abiatu baino lehen, sanferminetako entzierroa ikustea tabernan, baina aurten ez dute kointziditzen. Beraz, hori gabe konformatu beharko gara Añorgan», adierazi du.
Aurtengo berritasun nagusia Añorgan sortu duten Zemento elektrotxaranga izango da. Bihar arratsaldean aterako dira kalera, festak girotzera, eta arrakasta izatea espero dute.
Zikiroa, jaietako berezitasun bat
Zikiroa da jaietako jarduera izarra, eta, iaz, lehenengoz, Añorgako bizilagunek prestatu zuten. Izan ere, orain arte, Zubietako kuadrilla bat arduratzen zen zikiroa prestatzeaz. «Iaz, oso ondo atera zen, eta jendea gustura geratu zen. Aurten ere dena prest dugu zikiroa guk prestatzeko. Zubietakoei atoia erosi diegu, eta guk hartu nahi dugu hemendik aurrera horren ardura», azaldu du. Lehengo urtean, 340 pertsona izan ziren zikiroa jaten, eta aurten ere 300 lagun inguru animatzea aurreikusten dute.
Altunak adierazi duenez, badago jendea soilik urtean behin joaten dena Añorgara, zikiroaren egunean, hain zuzen ere. «Zaharrak eta gazteak irteten dira kalera, eta oso giro berezia sortzen da. Normalean Añorgan agertzen ez den jendea orduan etortzen da, data seinalatua delako; urteko ekitaldi nagusia», nabarmendu du.
Gainera, mozorrotu ere egiten dira zikiroa jaten duten egun berean. Duela 26 urte egin zuten mozorro festa hori lehenengo aldiz, eta «zikiro bikingoa» izan zen lehen mozorro festa hori. «Hortik aurrera, tirolesa, pirata, pelikulak… askotariko gaiak aukeratu izan ditugu. Urtero gai bat jartzen da, eta herri osoa gai horretaz mozorrotzen da», azaldu du jai batzordekoak. Aurtengo gaia October Fest izango da, eta Altunak hainbat ideia proposatu ditu: «Jendea ez da originaltasunari lekua ematen ari, baina egunean bertan asko harritzen dute batzuek. Niri bururatu zait, pixka bat adarra jotzeko, saltxitxaz mozorrotzea, edo patata purez, bestela».