«Egungo artzain edo arrantzale bat ez da duela 30 urtekoa»
Iñaki Alberdi Les (Aiete, 1976) itsasgizon peto-petoa da: «Itsasoan libre sentitzen naiz», dio. Aietekoa bada ere, txiki-txikitatik ibili da kaian. Oribay Tours enpresa dauka orain, eta bidaia turistikoak egiten ditu bere itsasontzian. Baina ez da zerbitzu turistiko bat gehiago, arrantzaren, itsas kulturaren eta itsasoaren inguruko ezagutzak eta balioak transmititzen baititu, ikuspegi herrikoi batetik: «Ez dut elitista izan nahi».
Zer egiten duzu?
Orain dela hamar bat urte, patroi lanetan nenbilen Donostian, arrantza komertzialean. Ordea, Kofradia itxi zenean, erabaki nuen orain daukadan proiektu hau abiatzea. Mexikon egondakoa nintzen, eta han ikusi nuen bazeudela arrantza komertziala eta kirol arrantza uztartzen zituzten proiektuak; orduan, erabaki nuen hemen antzeko zerbait egitea. Horrela, 2016an, lortu nuen nire proiektua aurrera ateratzea, eta Donostia Sustapenaren proiektu turistiko berritzailerik onenaren saria eskuratu nuen.
Beste enpresa batzuek itsasontzian paseo txikiak, ezkondu aurreko agur festak eta halakoak eskaintzen dituzte, baina nik beste eredu baten alde egiten dut. Nire berezitasuna beti izan da ez dudala azaldu nahi zerbitzu turistiko soil baten moduan; horregatik, hemengo jende asko ere etortzen zait: Tolosakoak, Beasaingoak, Donostiakoak… Arrazoizko prezioak jartzen saiatzen naiz, ez dudalako nahi hau izatea gauza elitista bat.
Beti bizi izan zara itsasotik?
1998an hasi nintzen hemen, kaian, marinel lanetan, arrantzontzi txiki batean. Asko ikasi nuen garai horretan, eta oraindik harremana daukat nire patroiak izandakoekin.
Nolatan jo zenuen itsasora?
7-8 urterekin hemen nenbilen, kaian, nire aitonak kirol arrantza egiten zuelako, Oribay izeneko itsasontzi batekin; horregatik deitzen da horrela nire proiektua. Pertsona nahiko ezaguna izan zen Donostian; besteak beste, Donostiako lehenengo skate denda ireki zuelako, Les denda. Denda ireki zuen, orduko gazteekin hitz egiten zuelako, eta esaten ziotelako Amerikako Estatu Batuetako skate materialak nahi zituztela. Oso pertsona irekia eta hurbila izan zen, eta nik izaera hori jaso dut oinordetzan.
Aitonarengandik datorkizu, beraz, itsasoarekiko zaletasuna.
Horrez gain, beti eduki dut naturarekin lotura berezi bat. Jendeak, nirekin mendira joaten denean, esaten dit besteek ikusten ez dituzten gauzak ikusten ditudala nik mendian: txoriak, eta abar. Beti izan naiz horrela; txikitatik, txoriak harrapatzen nituen, sugandilen atzetik ibiltzen nintzen, baserrietara joaten nintzen… Eta, mendia eta itsasoa oso desberdinak dira, baina, azkenean, natura dira biak.
Gero, itsasoan espezializatu nintzen, baina gaztetxoa nintzenean, nik argi nuen artzaina izan nahi nuela. Edozer gauza, etxean sartuta egotea baino.
Zure eskaintza turistikoa dela esan daiteke, baina ohiko eredu turistikoa baino jasangarriagoa da, nabarmen.
Beti esaten dut ekoturismoa eta slowfishing-a sustatzen ditudala. Ekoturismoa, besteak beste, gure kostalde biotopoa ezagutzeko eta gure inguruan dabiltzan izurdeak, kaioak, ubarroiak eta bestelako animaliak ikusteko. Slowfishing-ari dagokionez, filosofia bat da: arrantza nahi dugu, baina zergatik egiten dugu arrantza? Zeren arabera jaten dute arrainek? Irteeretan, informazioa eta balioen inguruko azalpenak kontzentratzen saiatzen naiz eta dena ematen dut bidaia bakoitzean. Horregatik, jendea oso pozik ateratzen da beti.
Zeintzuk dira transmititu nahi dituzun balioak?
Badakigu gaur egun itxurakeria dela nagusi sare sozialetan, beti saria erakustea, nolabait. Niretzat, ordea, balioa daukana da ikastea. Beti esaten dut bi arrantzale mota daudela: bata, konstantea, egunero joaten dena arrantzara eta, noski, arrantzatzen duena, egunero joaten delako. Eta, bestea, puntuan jotzen duena, haizea, uraren egoera, garaia eta bestelakoak alde dituenean soilik ateratzen dena, baina ateratzen denean arrantzatzen duena. Ordea, bigarrena izateko, lehenengoa izan behar zara urte luzez, horrela ikasten baita. Horrela aurkitzen dugu benetako ezagutza, kuriosoak izanez eta gauza guztiei mami guztia ateraz.
«Ingurune hori nirea da; denona da, baina egunero hor dagoena ni naiz. Egunero hor gaudenok zaintzen ez badugu, nork zainduko du?»
Berehalakotasunaren kultura zabalduagoa dago gaur egun?
«Egun batean joango naiz arrantzara eta sekulako pieza aterako dut» da zabalduta dagoen kultura. Baina ez da horrela, atzetik lan handia dago. Ikusten duzu, ni hemen nabil egunero, etengabe ikertzen ordenagailuekin, motorrarekin, aparailuekin… proba eta errorea, proba eta errorea.
Gainera, ikasten ari zaren bitartean, itsasoan zaude, eta ni itsasoan libre sentitzen naiz. Oraindik baditugu ezarritako horretatik guztitik kanpo egon gaitezkeen txoko batzuk, eta horietako bat da itsasoa. Horregatik jarraitzen dut nik honekin.
Haurren artean arrantzaren kultura sustatzeko Izan Arrantzale proiektuan zabiltza, ezta? Zertan datza?
Patroi faltan gaude. Baserrian ere antzeko zerbait gertatzen ari da, lehen sektorea gero eta txikiagoa egiten ari delako, belaunaldi erreleboa falta delako. Orduan, gazteei mundu horretan sartzeko gogoa pizteko proiektu bat da, gero horren inguruko ziklo bat ikasi dezaten, eta abar. Energia asko inbertitzen dut horretan, gozamena delako haurrekin eta gaztetxoekin lan egitea, esponjak direlako, irakasten diezun guztia barneratzen dute. Haurrekin arrantza irteerak egiten ditut, eta dakidan guztia irakasten diet.
Gainera, gaur egungo artzain bat edo arrantzale bat ez da orain dela 30 urteko artzaina edo arrantzalea, Internetari esker, besteak beste. Eta horrek aukera asko ematen ditu. Ni arrantza tradizionaletik nator —joan, arrantzatu eta saldu—, baina beti ikusi dut eredu hori aldatu behar genuela, zeren horrela bizimodua ateratzeko, presio handia egin behar diot nire inguruneari. Eta ingurune hori nirea da; denona da, baina egunero hor dagoena ni naiz. Egunero hor gaudenok zaintzen ez badugu, nork zainduko du? Orain egiten dudan honek aukera ematen dit arlo berean lan egiten jarraitzeko, ingurune horretan egunero egoteko eta zaintzeko, hori guztia jendeari erakusteko eta, gainera, nire balioekin kontsekuentea izateko. Lehen, ehun kilo lupia atera behar nituen jornala ateratzeko; orain, batekin nahikoa dut, ez dudalako arraina saltzen, kontzeptua, ikasketa eta esperientzia baizik.
Donostiak lotura estua izan du historikoki itsasoarekin. Hori galdu egin dela iruditzen zaizu?
Badago Donostiako jendea ez duena inoiz ikusi irlaren atzealdea, eta ikusten dutenean flipatu egiten dute. Horretarako gaude nirearen moduko proiektuak, jendeak inguruan duena ezagutu ahal izateko, itsasontzi bat erosi eta plaza bat ordaindu behar izanik gabe. Zeren, hori bai dela elitista, soilik hori guztia ordaindu ahal duen jendeak ezagutu ahal izatea gure kostaldea eta itsasoa.
«Zure printzipioak ez zapaltzea pertsona ona izatea da, zeure buruarekin kontsekuente izatea»
Etxe ondoan dituzten lurmuturrak, animaliak eta bestelakoak erakusten dizkiezu zure bezeroei.
Sorpresa izaten da askotan beraientzat: «Hemen izurdeak daudela?» edo «hemen lupiak harrapatzen dira?», galdetu ohi dute, harrituta. Egia da, baita ere, ni egunero nabilela itsasoan, eta, beraz, badakidala nora joan, zer ikusi dezakegun, eta abar. Adibidez, ni proiektu honekin hasi nintzenean, duela hamar urte, hasi zen hor bizitzen Igeldoko ubarroi mottodunen kolonia, eta ikusi dut nola joan diren kolonia handitzen eta gero eta eremu handiagoa hartzen. Ingurunearen eboluzioa ikusten duzu eta hori oso pozgarria da.
Gure itsas kulturari buruzko bidaiak ere egiten ditut, eta etortzen direnei azaltzen diet nola arrantzatu izan den hemen historikoki. Nik uste nuen hori guztia arrantza eskolan azalduko zidatela, baina ez, hori guztia esperientziarekin ikasi dut, nire patroiek utzi didatelako hori ikasten; hori, ordea, ez da itsasontzi guztietan gertatzen. Ikasteko, gazteek ikasteko gogoa eduki behar dute, eta zaharrek ere irakasteko gogoa eduki behar dute. Eta ni bide horretan nabil orain Izan Arrantzale proiektuarekin.
Denetik ikusiko zenuen zuk itsasoan.
Egun bakoitza abentura bat da, bai, onerako eta txarrerako. Anekdota bat aipatzearren, duela urte batzuk arrainzuri bat ikusi genuen. Lehen, ohikoagoa zen halakoak ikustea, baina orain ez horrenbeste.
Arrantza masiboa, aldaketa klimatikoa…
Nik beti esaten dut arazo bat dagoenean ez dela izaten arrazoi bakar batengatik soilik. Arrainen kasuan, azkenean, gertatzen ari dena da euren etxea murrizten ari dela: mikroplastikoengatik, poluzioarengatik, arrantza industrialarengatik… Eta hori ez da soilik itsasoan gertatzen ari. Zeinek dauka horren errua? Bada, gehiago edo gutxiago, denok. Lehen, esate baterako, kaioen koloniak kostalde osoan egongo ziren, baina orain irisgarriak ez diren lekuetan daude soilik: irlako zona batzuetan, Txoriharrin eta halakoetan. Eta, zabortegietara joaten dira jatera ez daukatelako beste aukerarik. Askotan, pentsatzen dugu oportunista hutsak direla, baina ez da hala; nik ikusi ditut arroketan karramarroak harrapatzeko teknikak egiten, zeren, ahal dutenean, ehizan eta arrantzan ibiltzen dira.
Inguruko fauna eta, oro har, ingurunea nola aldatu den ikusi duzu zuk urteotan.
Urtez urte aldatzen dira gauzak, eta ez soilik naturan. Gizakiok animaliak bezalakoak gara, datorrenera egokitzen gara: prezioen igoeretara, laneko aldaketara eta, oro har, egunerokora.
Kaia nola aldatu den ere ikusi duzu.
Donostiako kaian gertatu dena ez da inguruko kaietan gertatu denaren oso desberdina, lehen sektorearen beherakada fenomenoa orokorra delako. Arrandegietan, esaterako, duela hamar urte baino %30 gutxiago saltzen dute. Ohiturak aldatzen doaz: orain jendeak arrain gutxiago jaten du, piszifaktoriakoa jaten du merkeagoa delako, bertan arrantzatutakoa garestia da… Eta ez da garestiagoa arrantzaleak diru asko irabazten duelako, bitartekarien lana ere ordaindu behar delako baizik. Eta, noski, bitartekariak ere egokitu behar dira lege eta arauetara: gaur egun, ez doaz egurrezko kutxekin, kutxa esterilizatuekin eta hozkailu kamioiekin baizik. Kate bat da, baina arazoa ordaintzen duena katebegi ahulena da beti, eta, kasu honetan, arrantzalea da. Arrantzaleak babestu behar dira? Bai, noski. Bereziki, autosufizienteak izan nahi badugu eta gure produktuez harro egon nahi badugu. Eta gauza bera baserritarrekin, artzainekin, eta abarrekin.
«Beti esaten dut: teknologia eta eskola zaharra. Ez dira ezagutza mota kontrajarriak, bateragarriak dira»
Kaia oso turistifikatuta dago, baina oraindik badaude zurearen moduko proiektuak, eusten dutenak, ezin dugulako kaia galdutzat eman.
Nik horrela pentsatzen dut behintzat, bai, eta horregatik jarraitzen dut hemen, Donostiako kaian. Beste nonbaitera joan naiteke, baina zer egingo dut han? Ni hemengoa naiz. Nire proiektuan sinesten dut, eta proiektua aurrera aterako dut, edozeren aurrean. Eta, horrelaxe nabil, udan itsasontzian bizi naiz, derrigortuta. Bestela, prezioak gehiegi igo beharko nituzke, eta ez dut hori nahi, ez dut zerbitzu elitista bat izan nahi.
Proiektuarekin hasi nintzenean, txikitatik ezagutzen ninduen kaiko jende askok ez zuen proiektuan sinisten, baina gero ikusi dute baietz, merezi zuela. Egia da ingelesa nekiela Irlandan izokinekin lanean aritu nintzelako, eta horrek gauzak erraztu zizkidan. Bestalde, Mutrikuko akuikultura eskolako lehenengo promoziokoa naiz, beraz, ezagutzak ere banituen.
Ezagutza teorikoak eta esperientziak ematen dizkizunak dituzu, beraz.
Beti esaten dut: teknologia eta eskola zaharra. Ez dira ezagutza mota kontrajarriak, kontrakoa, bateragarriak dira. Ni nahiko irekia naiz zentzu horretan, beti ere, nire printzipioak zapaldu gabe. Zahartzen garenean, aldatzen gara, baina gauza bat da aldatzea eta beste bat zure printzipioak zapaltzea. Zure printzipioak ez zapaltzea pertsona ona izatea da, zeure buruarekin kontsekuente izatea. Adibide bat jartzearren, ni urte luzez begetarianoa izan nintzen, baina gero arraina jaten hasi nintzen, nik arrantzatutakoa soilik. Eta batzuek kritikatzen ninduten. Aldiz, gerora, kritikatzen zaituzten horiek McDonaldseko hanburgerrak jaten ikusten dituzu. Edo, gaztetan espekulazioaren kontra borrokatzen zutenak eta gero hiru etxe alokairuan dituztenak. Hobe duzu besteak horrenbeste ez kritikatzea, zeren, agian, zu baino kontsekuenteagoak dira, aldatu badira ere.
«Ñoñostiarra deitzen didatenean, beti esaten dut, ‘e, baina kaikoa!’»
Musikazale amorratua ere bazarela kontatu didate.
Bai! Ez dakit musika irakurtzen, baina belarriz jo izan dut beti, bereziki, flamenkoa eta gipsy jazz musika. Hainbat taldetan aritu naiz, baita ere: Huracan Txabacan, Lobo Electricon, Berebil Swing, Alanbike… Harmonikarekin bluesa ere jotzen dut.
Okupa ere izan naiz urte luzez: Zapatarin egon nintzen bizitzen, eta landa okupazioan ere ibili naiz, herriak biziberritzen. Adibidez, Aritzkurenen egon nintzen, hango lehenengo belaunaldikoa naiz. 16 urterekin atera nintzen etxetik eta urte luzez ibili nintzen mugimendu horietan.
Karmengo jaiak datoz orain, asko bizi dituzu jai horiek?
Aste Nagusia baino gehiago. Azkenean, Aietekoa naiz familiak han erosi zuelako etxea, baina, benetan, kaikoa naiz, txikitatik ibili izan naiz bueltaka. Horregatik, ñoñostiarra deitzen didatenean, beti esaten dut, «e, baina kaikoa!».