Errebotea, babesik ez duen eta galtzear den ondare preziatua
Zubietan, Villabonan eta Oiartzunen soilik jokatzen da errebotean, Gipuzkoan. Garai batean baino askoz ere indar gutxiago du kirol honek, eta Ondare Ez Material izendatzeko eskatu dute jokalariek.
36ko gerraren aurretik, kirol preziatua zen errebotea. Gipuzkoan, besteak beste, Donostian, Azkoitian, Andoainen, Soraluzen, Villabonan, Oiartzunen eta Zubietan jokatzen zuten, eta jende ugari joaten zen partidak ikustera. Gaur egun, azken hiruetan soilik mantentzen da, eta baita Ipar Euskal Herrian ere.
Asko jaitsi da kirol honekiko interesa, eta partidak aurrera ateratzeko «kinka larrian» aritzen direla azaldu dute Zubietako hiru jokalarik: Mikel Bengoetxeak, Unai Azpirozek eta Joseba Aizpuruak. «36ko gerraren ostean, eten bat egon zen errebotean, baita Zubietan ere. Hala ere, hogei urte beranduago, pertsona batzuek zesta zahar batzuk hartu zituzten baserri batetik, eta berreskuratu egin zuten. Gipuzkoako herri gehienetan, ordea, ez zuten sekula berrartu», azaldu du Bengoetxeak.
Gaur egun, Zubietan, 400 biztanle inguruko herria izanda, 30 bat jokalari daude, adin desberdinetakoak. «Nik 16 urte nituenean, lau talde ateratzen ziren udan egiten genituen txapelketetan. Orain, berriz, talde bakarra dugu, eta beste bat ateratzeko aukera badago, baina kategoriak nahastuta eta maila baxuagoarekin», azaldu du Aizpuruak.
Hirurak gazte zirela hasi ziren errebotean, beraiek baino nagusiagoak ziren jokalariak Zubietako Errebote plazan jokoan ikusteak liluraturik. «Ni 6 urterekin hasi nintzen. Aitari ere asko gustatzen zitzaion, eta plazara ekartzen gintuen ikustera. Asko gustatzen zitzaigun», adierazi du Aizpuruak. «Gu Zubietakoak gara, eta kirol hau beti ikusi izan dugu herrian. Herriko kirola da, eta gazteak gu ikusita hasi ziren jokatzen», nabarmendu du Bengoetxeak. Horixe baieztatu du Azpirozek, hiruretan gazteenak: «Ostiraletan izaten ziren partidak, eta ikustera etortzen ginen. Egun batean, jokatzen hasi nintzen, eta gaur arte».
Kirol minoritarioa
Errebotean hamar lagun aritzen dira; bost beste bosten aurka. Nola jokatzen den azaltzea konplikatua izan daiteke, baina Bengoetxeak horrela azaldu ohi du: «Imajinatu tenis partida bat. Tenisean, erdian sare bat egoten da, eta alde batean egoten dira bat edo bi jokalari, eta beste aldean beste bat edo bi. Bada, errebotea tenis partida bat bezalakoa da, baina sarearen ordez, pertsona batzuek egiten dute sare lana. Eta teniseko bi eremuak berdinak dira; baina hemen ez: eremu bat motzagoa da bestea baino. Abantaila ematen dizu eremu motzean jokatzeak».
Gaur egun, erreboteko 30 jokalari inguru daude Zubietan, baina belaunaldi berriak animatu ezean, kirola galtzeko arriskuan dago
Detaile gehiago gehitu ditu Aizpuruak: «Jokatu behar da tantoa alde onean egoteko pentsatuz. Tenisean, normalean, berdin du zein aldetan egon, baina hemen oso desberdina da. Hemen pilota erditik ateratzen da, botaharri batean botea egin ostean. Hor beti 32 metroko distantzia dago hormaraino. Zubietakoak 72 metro ditu, eta saketik beste 40 metro daude atzeraino. Iparraldean zailagoa da, 70 metro baitaude atzeraino. Jokoak tenisean bezala zenbatzen dira».
Gizonezkoen kirola da errebotea, erabat, ez baitago jokatzen duen emakumerik. «Behin, Miriam Arrillaga pilotariak gurekin jokatu zuen Baionan, eta gizon zahar batek esan zigun sekula ez zuela emakumerik ikusi horretan», azaldu du Azpirozek.
Kirol minoritarioa da, eta Zubietako pilota elkarteak ostiraletan haurrentzat entrenamenduak antolatzen baditu ere, haur horiek errebotearekin aurrera jarraitzea zaila dela azaldu dute: «Erreboteak baldintza asko dauzka, eta horietako bat eguraldia da. Neguan frontoi itxian jokatzen dugu, baina udan, euria eginez gero, partidak ez dira jokatzen. Aldiz, haurrek badakite futbolean edo igeriketan, adibidez, beti izango dutela parte hartzeko aukera».
Errebotea aintzat hartzeko beharra
Nafarroan bada kirol bat, laxoa, «errebotearen lehengusua» dena. Kirol hori Nafarroako Ondare Ez Material izendatu dute, eta errebotea galdu ez dadin, horrelako zerbait egiteko eskaera luzatu diote jokalariek Donostiako Udalari. «Udalak kontuan hartu behar du errebotea Zubietan duen altxor bat dela, kirolaz gain, kultura ere badena; zaindu beharrekoa. Jendeak ez du ideiarik ere zer den hau, eta jende askok, ezta agintariek ere, ez dute honekiko interesik. Nafarroan, babesa eman diote laxoari, eta Donostiako Udalak badu hemen ia berdina den zerbait, eta ez dio garrantzirik ematen. Kontuan hartu behar da, hemen eta toki guztietan, kirol hau galtzen ari dela, eta ez direla ohartzen zer duten esku artean».
Aizpuruaren ustez, batez ere, Zubietako Errebote plazak duen garrantziagatik izendatu behar da Ondare Ez Material: «Pentsatu, egunen batean errebotea galtzen bada, edozein zoro etor daitekeela eta Errebote plazan beste zerbait eraikitzea erabaki dezakeela. Erreboteko plazekin hori gertatu da historian zehar, eta horrela joan da galtzen, pixkanaka. Hemen, txapelketa bat dagoenean, udaleko inor ez da etorri ere egiten, eta lastima da».
Azaldu dute lagungarria izan daitekeela kirol hau babestuta egotea, galdu ez dadin. «Bakoitzak bere zesta erabiltzen du, eta garestiak izan ohi dira. Diru asko da, eta laguntzaren bat jasotzea ondo egongo litzateke». Gainera, plazak garai batean betetzen ziren bezala betetzea ere garrantzitsua dela azaldu dute: «Deigarria da garai bateko argazkietan zenbat ikusle agertzen diren. Berriz ere horrela izatea nahiko genuke».