Itsasoa norena den hausnartzera gonbidatu du Itsas Museoak
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Euskal Itsas Museoak Mare Clausum: Norena da itsasoa? erakusketa aurkeztu dute gaur goizean. Erakusketaren helburua da, besteak beste, “norena da itsasoa” galderaren atzean dauden eta gaur egunean ere pil-pilean dauden gai konplexuei buruzko hausnarketa egitea.
Goizane Alvarez Kultura diputatuak adierazi duenez, itsas guduetan erabilitako armak eta ikurrak, eta itsaso urrunetik iritsitako mapa eta objektu exotikoen bidez, “euskaldunek munduko itsas historian izan duten eragina” ezagutarazten du erakusketak: “Erakusketa honek gizateriari eta bizitza hobe bat bilatzeko eskubideari buruzko gogoeta bultzatu nahi du”.
Erakusketa
Gaur egunera arte, gizateriaren historia baldintzatu duten zibilizazioen eta inperio handien sorreran eta bilakaeran itsasoak izandako eragina funtsezkoa dela adierazi du Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko Zuzendari Zientifikoak. Gaineratu duenez, erakusketak “iraganeko eta gaur egungo giza prozesuak aztertzeko eta ulertzen saiatzeko behar-beharrezkoak diren ezagutza, hausnarketa eta gogoeta kritikoa” eragin nahi ditu.
Hainbat arlo tematikotan dago banatuta erakusketa; batetik, itsas bideen eta baliabideen kontrolari buruzko eztabaida historikoak, eta nabigazioari eta itsas baliabideen ustiapenari buruzko desberdintasun legal eta moralak aztertu dituzte. Eta, bestetik, Europak zazpi mendetan zehar munduko ozeano guztietan barrena burututako hedapen eta menderakuntzan Euskal Herriak izandako erantzukizun erabakigarria landu dute.
Erakusketaren edukia osatzeko balio historiko eta artistiko handia duten piezak erabili dituzte. Aukera eskaintzen du, beraz, Antzinaroaz geroztik, zibilizazio ezberdinek itsasoaren jabetzarengatik burutu zituzten norgehiagoken eta Euskal Herriaren arteko harremanen adierazgarriak diren objektuak ezagutzeko.
Programazio itsastarra
Gaur egingo dute, 18:30ean, erakusketaren inaugurazioa publiko zabalarentzat. Lehenengoa Alberdiren eskutik izango da, doan, eta luncha ere izango da bertaratzen direnentzat. Euskal Itsas Museoak erakusketari lotutako jarduera programa zabala aurkeztu du, gainera: topaketak, bisita gidatuak eta helduentzat eta familientzako tailerrak, eskainiko ditu, batik bat, irailetik aurrera.
Museoko jardueretan izena emateari buruzko informazio guztia webgunearen bidez, edo komunikazioa@itsasmuseoa.eus helbidera idatziz aurki dezakezue.