Karramarroek kaia hartuko dute sei egunez
Arrantzale jantziak armairutik ateratzear daude Parte Zaharrean. Kaiko Karmengo jaiek sei eguneko egitarau zabala izango dute aurten eta, haurrentzako eguna berreskuratzeaz gain, bertso poteoa eta DJ txitak izango dituzte aurrenekoz, besteak beste.
Kaian, arratsetako sardina erre usainak iragartzen ditu jaiak. Ke horrek adierazten du gertu daudela herri bazkariak, kukañak, txarangen doinuak, danborraden arradak eta gaueko ordu txikietara arte luzatzen diren kontzertuak. Aurten, sei egunez elkartzeko parada izango dute Parte Zaharreko bizilagunek, uztailaren 11tik 16ra bitarte ospatuko baitituzte Karmengo jaiak. Egitaraua osorik ikus dezakezue, hemen.
Ohi moduan, La Jodedera taldearen erritmo dantzagarriekin lehertuko da festa kaian. Aurten, Alde Zaharreko Kirol Elkarteak botako du txupinazoa, «auzoan egiten duen lan guztia omentzeko», azaldu du Nahia Tolosa auzo elkarteko kideak (Parte Zaharra, 1997). Horren ondotik etorriko dira lehen kontzertuak, Neallta Fola eta Unidad Alavesaren eskutik, eta handik aurrera festak ez du etenik izango hiriko txoko horretan. Oholtzatik igaroko dira, halaber, Eire, Gozategi, Indabe, Andoni Oilokiegi eta Iratzar erromeria, besteak beste.
DJ txitak, haur zein koxkortuentzat
Hilaren 12an izango dute Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) prestatutako Gazte Eguna: «Egun hori jendetsuenetako bat izan ohi da, beste auzoetako gazte dezente gerturatzen direlako», azaldu du Tolosak. Larunbat eta igandean, berriz, euskal kultura ardatz duten jarduerak nagusituko dira, eta astelehenean Haurren Eguna berreskuratuko dute: «Azken urteotan ez dugu umeentzako egun bat izan, bereziki, eta aurtengo egitarau luzeak hori egiteko aukera eman digu», azaldu du Maider Aldalur jai batzordeko kideak (Parte Zaharra, 2003). Hala, ohiko jolas eta jarduerez gain, Holi Festa eta haurrentzako txita izango dute, DJ eta guzti.
Haurren Egunari, DJ gauak emango dio segida, eta beraz, helduek ere izango dute euren ibilbidea txitaren atzetik: «Astelehena denez, ezin genituen hiru DJ jarri gauean eta txita erabiltzea erabaki zen, bereziki, ikusita Piratetan egin zela eta ondo atera zela», azaldu du Tolosak. Asteartean, berriz, Aitona-amonen Eguna ospatuko dute Karmengo Egunarekin batera. Aurten, baina, Matia Fundaziora joan beharrean, aitona-amonak kaira ekarriko dituztela iragarri du Tolosak; «eguraldiak ahalbidetzen badu», betiere.
Giro herrikoia mantentzen
Hiriko postalaren erdi-erdian badaude ere, betiko giro herrikoia bermatzen jarraitu nahi dute jai batzordean: «Gazteagoak gineneko karmenak txikiago oroitzen ditut, eta azken urteotan kanpoko jende gehiago ibiltzen da». Gauzak horrela, euskal kultura ardatz, bertakoentzako bereziki bideratutako eskaintza bermatu nahi izan dute: «Gogotsu eta indartsu gaude sei egunetako eskaintzara begira». Karramarroak prest daude, eta prest dituzte, halaber, osagarri guztiak. Orain, atzera kontaketa egitea baino ez zaie gelditzen.