Koldobika Jauregi; arteari eskainitako bizitza oso bat
Gaztetatik murgildu zen Koldobika Jauregi (Alkiza, 1959) artearen munduan, eta hamaika proiektu burutu ditu, mundu osoan zehar; Donostian ere badauzka bi eskultura. Ekainaren 16an zendu zen, ordea, bihotzeko baten ondorioz.
Zura eta harria landu zituen bere lehen lanetan. Eskultore minimalista, Eduardo Txillidaren ikasle. Halaxe sentitzen zuen berak, behintzat. 1959an jaio zen Koldobika Jauregi eta, Alkizak, bere herriak, artista berri bat hazten ikusi zuen gazte-gaztea zenetik. Pasa den ekainaren 16an zendu zen, ordea, 64 urte zituela.
Naturarekin lotura handia izan dute beti bere lanek; zaldi formen errealismo basatiaren eta abstrakzio konstruktibistaren artean mugitu izan zen, eta beste diziplina batzuk ere landu zituen, hala nola, ilustrazioa eta performancea. Gipuzkoako hainbat arte lehiaketa irabazi zituen, 19 urterekin lehena. Munduan barrena ibili da bere artea erakusten, eta Euskal Herriko txoko askotan daude ikusgai bere obrak. Donostiak ere badauzka bi; Martutenek eta Intxaurrondok Jauregiren zatitxo bat jasotzen dute, auzoko toki esanguratsuetan.
Donostian ere bai
Jokin Otxotorena lagun eta iheslariari eskaini zion Martutenekoa, 1984an bertakoa baitzen bera. Parkean dago kokatuta, eta bere alde txikietako batean, burua biratzen duen eta eserita dagoen pertsona bat irudikatu zuen Jauregik. Auzoko Euskara Batzordetik adierazi dutenez, zaila izan da eskultura auzoan mantentzea: «Otxotorenari eskainitako plaka bat zeraman eskulturak, eta kendu behar izan genuen, monumentu politikotzat hartzen zutelako. Auzo txiki batean horrelako obra bat edukitzea garrantzitsua da, ordea».
Hamar urte geroago, 1994an, jaso zuen Donostiak Jauregiren bigarren entrega; Intxaurrondoko Sagastieder plazako biribilgunean kokatuta dagoen Formak Hazkundean obra. Animalia zatien forma batzuk hazten ari den totem batera hurbiltzen direla irudikatzen du.
Eskulturatik haratago
Ur Mara museoaren sortzailea izan zen Jauregi, bere emazte Elena Cajaravillerekin batera. Alemaniako Insel Hombroich museoan ikusi eta ikasitakoarekin sortu zuten, 2010ean, eta hamaika erakusketa eta tailer jarri dituzte martxan bertan.
Telmo Esnalen Dantza filmaren (2018) eragile nagusietako bat ere izan zen Jauregi, jantzien eta atrezzoaren erantzule nagusia izanik. Cajaravillek ere hartu zuen parte. Euskal dantza tradizionalen bidez istorio bat kontatzen duen filma da Dantza; gizakiaren eta naturaren arteko harremanen berri ematen duen bizitzaren metafora bat.
Gizarte konpromiso handia erakutsi izan zuen, bereziki, bere herriari dagokionez; izan ere, zinegotzia izan zen Alkizako udaletxean, 2007az geroztik: alkateorde izateaz gain, kulturan eta gizarte zerbitzuetan ibili da. Hala, Itxurain herri proiektua bultzatu zuen, eta berea izan zen Fagus-Alkiza interpretazio zentroa sortzeko ideia.
Halaber, Alkizako jaiei hasiera ematen dien Oilalokaren jantzia diseinatu zuen, bere alaba Gerezirekin batera. Hainbat gobernuz kanpoko erakunderi ere laguntza eman zien; Amnistia Internazionalari, kasu.
Ibilbide oparoa
Ia 25 urteko ibilbide artistikoari eskutik helduta, pasa den ekainaren 16an hil zen, bihotzeko baten ondorioz. 150 erakusketa baino gehiago, bost interbentzio artistiko, eta ehunka eskultura eta koadro egin zituen. San Telmo museoa, esaterako, etxe sentitu dute askotan bere obrek, eta Donostiako beste zenbait espaziotan ere ezagutarazi izan zuen bere lana; Ekain eta Kur galerietan, esaterako.
Ur Mara museoan eskolen bisita jasotzen zuten, eta tailerrak eskaintzen zizkien Jauregik. Bisita gidatuak ere burutzen zituen, museoa besarkatzen duen basoa ezagutarazteko.