Politikarien ikuspegi erromantikoa; herritarren patu etsia

BÂTIMENT 5
Zuzendaria: Ladj Ly
Urtea: 2023
Herrialdea: Frantzia
Ezaguna da Billy Wilderrek nola aurkeztu zigun The Apartment (1960) filmeko protagonista. New York hiria zerutik erakutsi zigun, pixkanaka-pixkanaka, bertako eraikin batek atentzioa eman eta idazmakinetan burua sartuta duten bulegarien artean bat bakarra bereizi arte: Jack Lemmonek interpretatutako C. C. Baxter langile goibel eta alienatua da bera, gerora jakingo dugun bezala, enpresako nagusietako bati bere etxe propioko giltzak utziko dizkiona maitalearekin lasai asko gaua pasa dezan.
Lehen instantzian Hollywoodeko komedien erregearen maisulanarekin ageriko loturarik ez badu ere, Ladj Ly frantziarraren lan berriena modu bertsuan hasiko da: hiriaren plano zabalak apartamendu bloke erraldoi batean aurkituko du interes puntua, eta irudia ixten joan ahala, leihoetako batetik begira azalduko zaigu Haby (Anta Diaw), jatorri afrikarreko emakume gaztea. Kasu honetan baina, ez dio karitatez bere bizilekua inori eskainiko; berau uztera behartuko dute agintariek.
Frantziako asanbladarako bozak ospatzen ari diren bitartean iritsi da Bâtiment 5 filma zinema aretoetara, eta Europan bezala, eskuin muturraren —eta politika arrazista, faxista eta neoliberalen— gorakada mehatxu izatetik errealitate izatera pasatu den honetan, aldarrikapen sozialez peto etorri zaigu berriz Ly. Les Misérables (2019) opera prima arrakastatsu eta entzutetsuaren tonua berrartuz, herrialdeko balore historikoei egindako kritika zorrotza dakarkigu, aniztasun kulturalaz harro omen dagoen eta urte luzez askatasunaren sinbolotzat izan duten estatuaren kontraesanak azaleraziz: Montvillers fikziozko hiriko alkatea bat-batean hil egingo da, eta Pierre mediku idealista gaztea (Alexis Manenti) hautatuko dute hura ordezkatzeko. Langile klaseko auzune bat birgaitu nahiko du, horretarako, bertako bizilagunak kanporatuz. Emazteak ohartaraziko dionez, «hiriaren ikuspegi erromantikoa» dauka, sekula hurbildu ere ez baita egin etorkinez betetako zonalde horretara.
Kalea izan du zinemagileak zinema plato, izan ere, bere lehen film luzean bezala, bizitoki duen Clichy-Montfermeil barruti paristarrean errodatu du. Maliko etorkinak izandakoen semea izaki, bere azalean sufritu ditu kontatutakoak Lyk, eta Les Misérables-en bezala, periferiako auzokideak izan ditu aktore. Horiei eman die oraingoan ere ahotsa, baztertuak, marjinatuak, izorratuak eta ahaztuak izan diren bigarren mailako herritarrei hain zuzen ere, eta bere zinemaren erreferentzia zuzena den La Haine (Mathieu Kassovitz, 1995) lana beste behin omenduz, hauek le monde est à nous oihukatuko dute, isilpean. Bizilagunena da auzoa, eta beldurrik ez dute izango, behar izanez gero, bertako etorkizuna unilateralki erabaki nahi dutenei su emateko.
Irudien bidez kontatutako istorioa da Bâtiment 5, irudiek askotan hitzek baino gehiago transmititu baitezakete. Elkartasun mezuek sostengu bisuala izango dute, ez baita berdina agintariei (alkate izendatu berriari) aurre egiteko betiko diskurtsoetan babestea edota erakustea. Eta dronea erabiliko du horretarako, Les Misérables-eko inflexio-puntua den jipoi polizialaren lekuko den hori, Homedade (2020) film kolektiboko Clichy-Montfermil pasartean (COVID-19aren eraginpean) barrutia erretratatzeko aireratutako berbera.
Ly, baina, ez da guztiz zintzoa izango bere jatorrizko planteamendu estetikoarekin, eta gehiegizko dramatizazioak hankamotz utziko du istorioa. The Apartment bezala, Gabon garaian girotua, interes politikoen biktima izatera kondenatuta egongo dira Montvillers fikziozko hiriko periferiako bizilagunak. Hotzak hartuta kale gorrian daude bat-batean, dena galdu dute alkatearen burugogorkeriaren ondorioz, eta poliziari aurre egingo diote desesperazioak jota.
Ongia eta gaizkia horren definituta duen pelikula izanik, gordintzen joango den gatazka gero eta muturrekoago bilakatuko da, ondorioz, zinemagilearen konpromiso sozialak agerian utziko ditu bere militantziaren kontraesanak eta hutsuneak. Les Misérables-ekin, eta batez ere, Romain Gavrasekin batera (Costa-Gavras handiaren semea, bai) idatzitako Athena (2022) apokaliptikoarekin nolabaiteko trilogia osatuz, katastrofea eta biolentzi dira Bâtiment 5-eko bizilagunen patu bakarra.