Uba aterpetxeko Otxoki taberna zaharberritua irekiko dute gaur
Donostia Sustapenaren bitartez, itxura berria eman diote lokalari, eta zaurgarritasun egoeran dauden sei lagun kontratatu dituzte, formakuntza jaso dezaten.
Uba aterpetxeko taberna zaharberritu ostean, gaur arratsaldean izango du inaugurazio ekitaldia (19:30), eremu berria jende artean ezagutarazteko. Otxoki taberna berritua ingurune natural eta lasaiarekin uztartu nahi izan dute, giro freskoago bat eskaintzeko helburuarekin.
Espazio berri horren inaugurazio ekitaldian izango dira Oihane Garcia eta Julio Veiga musikariak, tabernako giroa bi orduz girotzen. Era berean, ogitarteko txikiak eta koktelak eskainiko dizkiete bertaratzen direnei, eskaintza gastronomikoa ezagutzera emateko. Arduradunek iragarri dutenez, ekitaldia irekia izango da eta izaera informala izango du.
Lanen bitartez, eremua biziberritu nahi izan dute antolatzaileek, Uba aterpetxeak zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei aukerak ematen jarraitu dezan etorkizunean, ere. Zehazki, integraziorako sei kontratazio egin dira Otxoki berrirako.
Uba aterpetxea
Donostiako UBA Hostelen kudeaketa berria Suspertu SL gure gizarteratze enpresak hartu du eta abian jarri denetik, hamazazpi lanpostu sortu ditu; horietatik, lau lantaldetan (harrera, kafetegia, garbiketa eta mantentze lanak).
Postu horiek bete dituztenak lana topatzeko zailtasunak dituzten langabeak dira: birkualifikatzeko beharra duten 45 urtetik gorako pertsonak, lan esperientziarik gabeko 30 urtetik beherako gazteak, etorkinak, eta iraupen luzeko langabeak besteak beste. Horiek guztiek urtebete eta hiru urteko bitarteko kontratuak jaso dituzte eta, bien bitartean, lan merkatu orokorrean sartzeko gaitasuna eta laguntza emango diete.