Bikote bat atxilotu dute Zubietan, errolda faltsuak egitea egotzita
Zubietako etxe bateko gizon eta emakume bat eta azpierrentamendu kontratu faltsuak egiteko erabili zuten herritar bat atxilotu ditu Espainiako Poliziak.
Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu, eta laugarren bat ikertzen ari da, Ogasun Publikoaren eta Gizarte Segurantzaren aurkako delituen ustezko egile gisa. Diotenez, gizarte laguntzak jasotzeko hainbat lagunen errolda faltsuak egin dituzte Zubietako etxebizitza batean. Antza denez, gizon eta emakume bat, biak atzerritar jatorrikoak, atzerriko herritarrei modu faltsuan erroldatzeko erraztasunak ematen zizkieten, 200-600 euroren truke.
Ikerketa urtarrilean abiatu zuen Donostiako Immigrazio eta Mugako Brigada Probintzialak eta bildutako datuen arabera, bikoteak hamaika pertsona erregistratu zituzten helbide horretan. Era berean, erroldatutako bi lagunei logelen azpierrentamendu kontratu eta ordainketa ordainagiri faltsuak egin zizkieten, gizarte zerbitzuetan laguntza ekonomikoak lor zitzaten. Poliziak jakinarazi duenez, ordainagiri faltsu horien bitartez, 47.000 euro baino gehiago lortu zituzten bien artean.
Ikerketan, halaber, jarduera horretara bideratutako beste bi etxebizitza ere hauteman dituzte; horietako bat Donostian. Segurtasun iturriek jakinarazi dutenez, pertsona bat zegoen bertan modu irregularrean erroldatuta.
Orotara, hiru pertsona atxilotu badituzte ere, laugarren baten bila segitzen dute agenteek. Gaur gaurkoz ez dakite non dagoen eta bere herrialdera ihes egin duela uste dute.